Sare y Etxerat.- Udazken bete-betean sartuta gaudelarik, iritsi zaizkigu negu giro eta Azaroko azken ostirala ere. Urtean zeharreko dinamikak aurrera atera ditugularik, gainean dugu urte amaiera eta urteroko legez, gainean ditugu gabonetako mobilizazio zein Urtarrileko manifestazio jendetsua ere.
Urte oparoa izan dela esan dezakegu, etxeratze prozesua nahi genukeena baino mantsoago ari bada ere garatzen, aurrera urratsak nabarmenak izan direla esan dezakegu eta euskal preso, ¡heslari eta deportatu guztiak etxeratzearen helburua inoiz baino gertuago dugula baiezta dezakegu.
Aurrera urrats horien arrakasta Euskal gizartearena da hein haundi batean. Auzoz-auzo eta herriz-herri urte osoan zehar egindako mobilizazioen ondorio dira urrats horiek.
Puzzlea osatu arte dinamikatik hasi eta udan zehar hondartzetako zein herri eta hirietako mobilizazioekin jarraituz. Urriaren 18an gauzatu genuen konferentzia ere, gizarteak, ondorioei behin betiko konponbidea emateko duen beharraren isla argia besterik ez da.
Aurrerantzean ere badugu ordea zer aldarrikatua. Ezin da gehiago luzatu lelopean, Urtarrilean soilik ez eta Abenduko azken ostiralaren bueltan Euskal Herriko ahalik eta auzo eta berri gehienetan mobilizatuko gara urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbideak ezin duela gehiago luzatu aldarrikatzeko. Sufrimenduak ezin duela gehiago luzatu aldarrikatuko dugu, egiak, aitortzak eta errreparazioak ezin duela gehiago luzatu aldarrikatuko dugu, eta noski, konponbideak bakeak eta elkarbizitzak ezin duela gehiago luzatu aldarrikatuko dugu.
Aurtengo neguan ere argi erakutsi behar dugu euskal berriaren zati handiena prest dagoela ondorioak atzean utzi eta etorkizunari begira jartzeko. Prest baino, behar bat da gizartearentzat, iraganera iltzatzen gaituenarekin apurtu eta aurrera egiteko. Argi erakutsiko dugu beste behin, biolentzia ezberdinen biktimen aitortzarekin eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuarekin eskuratuko ditugula elkarbizitza agertokiak. Helburu horretan berresten gara, eta Abenduko Zein Urtarrileko mobilizazioetan bide horretan elkartu eta mobilizatuko gara.
EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA!

