Osasun Bidasoa Herritar Plataforma.- Osakidetzak Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zituen, aldi berean osasun-zentroetan haurrei zuzendutako arreta hobetuko zuela aginduz. Ia urtebete igaro ondoren, anbulatorioetako eta osasun mentaleko pediatriaarreta prekarioa izaten jarraitzen du eta ez dira iragarritako neurriak bete.
Espezialista batek artatua izateko edo proba diagnostikoak egiteko itxaronzerrendek hobetu gabe jarraitzen dute.
Iragarritako eraikuntza-lanetako bat ere ez da hasi. Irun Zentroan, duela bost urte baino gehiagoz, kanpoko behin-behineko barrakoietan jarritako lau kontsulta mantentzen dira oraindik.
Pediatriako arreta
2025eko apirilaren 13an Osakidetzak Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak mugagabean itxi zituen. 36 urte baino gehiago zeramatzaten martxan, Irun, Hondarribia, Bortziriak eta Iparraldeko familiek erabateko gogobetetasunez erabilitako zerbitzua izanik. Neurriak mobilizazio sozial handia eragin zuen, eta 2025eko maiatzaren 31n egindako manifestazioan 12.000 pertsona inguruk parte hartu zuten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi zuen herritarren adierazpena oso argia izan zela, baina hala ere, pediatrek emandako 24 orduko eta astean 7 eguneko larrialdi-arreta ez da berrezarri.
Ospitaleko pediatriako larrialdien itxiera iragarri zenean, anbulatorioko pediatriaarreta hobetzea agindu zen, honako neurri hauekin:
- 3 anbulatorioetan pediatren arreta-ordutegia 8:00etatik 17:00etara zabaltzea, astelehenetik ostiralera.
- Irun Zentroko larrialdietan pediatra baten bidezko arreta 17:00etatik 22:00etara astelehenetik ostiralera, eta 9:00etatik 22:00etara larunbat eta jaiegunetan.
Gaur egungo errealitatea Osakidetzak agindutakoaren oso bestelakoa da:
- 2025eko maiatzean ospitalean kokatutako anbulatorioko pediatra plaza bat kendu zen, eskualdeko pediatra kopurua 12tik 11ra murriztuz. Zortzi hilabete igaro ondoren, kendutako pediatrak artatzen zituen haur askok oraindik ez dute esleitutako pediatrarik.
- Maiatzetik irailera bitartean pediatra gehienak falta izan ziren (lekualdatzeak eta bajak medio) eta larrialdiak soilik artatu ziren, berrikuspen gehienak atzeratuz.
- Osakidetzak ez du bermatzen astelehenetik ostiralera 8:00etatik 17:00etara pediatria-arreta. Ordutegi hori partzialki baino ez da betetzen.
- Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zirenetik, Irun Zentroko larrialdietan ez da egun bakar batean ere pediatrarik egon. Zenbaitetan ez da medikurik ere egon.
Haurren eta nerabeen osasun mentaleko arretan ere egoera ez da agindutakoa. Hilabeteak psikiatrarik gabe egon ondoren, zerbitzua zabaltzea agindu zen: 2 psikiatra, erizain bat eta administrazio-laguntza. Irailean psikiatra bat kontratatu zen eta arreta medikoa berreskuratu zen. Aldi berean, psikiatrarik ez zegoenean kontratatutako erizaina kendu zen. Gaur egun psikiatra bakarra dago (agindutako bien ordez) eta ez dago ez erizainik ez administrazio-laguntzarik. Haurrak helduen espazio berean artatzen dira, kontsultetan eta itxarongelan insonorizazio-arazoekin, konfidentzialtasuna bermatu gabe. Ez da hezkuntzazentroekin koordinaziorik mantentzen.
Itxaron-zerrendak
Espezialista batek artatua izateko edo proba diagnostikoak egiteko itxaronzerrenden egoerak ez du inolako hobekuntzarik izan. Lehen, anbulatorioetako medikuei astero ematen zitzaien informazioa, pazienteei gutxi gorabeherako atzerapena jakinarazi ahal izateko. Azken hilabeteetan informazioa noizean behin soilik ematen da, eta horrek ziurgabetasuna sortzen du erabiltzaileen artean. Zerbitzu jakin batzuetan eskuorriak atxikitzen dira eta pazienteei “deituko zaizuela” esaten zaie, hitzordurik eman gabe.
2025eko abenduan Osakidetzak espezialista-kontsultetarako itxaron-zerrenden murrizketa iragarri zuen, batez besteko atzerapena 56 egunekoa zela adieraziz. Profesionalei emandako azken informazioaren arabera, Bidasoan espezialitate gehienek 56 egun baino askoz gehiago gainditzen dituzte:
- Traumatologia (167), Errehabilitazioa (120), Kirurgia Orokorra (98), Otorrinolaringologia (96), Dermatologia (94), Oftalmologia (84), Digestiboa (77) eta Ginekologia (62).
- Urologiarako ez dira ohiko hitzorduak programatzen. Ospitaleak ez du profesional propiorik. Larrialdi kasuak soilik artatzen dira, zenbait arratsaldetan, Donostiako ospitaleko urologoek aparteko orduak eginez. Ebakuntzak Donostiako klinika pribatuetara bideratzen dira.
- Ekografiak ez dira hitzartzen. 2025eko urritik aurrera eskuorriak atxikita daude eta hitzorduaren zain. Noizean behin ekografiak zentro pribatuetara bideratzen dira.
- Minaren unitateak ez du modu erregularrean funtzionatzen. Gaur egun, badira zortzi hilabete daramatzaten pazienteak hitzordurik gabe.
- Larrialdi-zerbitzuak profesional gutxiago ditu. Txanda guztiak ezin dira estali. Profesionalak lan-karga handiarekin daude, kudeaketa egokirik gabe eta hobekuntzarako aukerarik gabe.
- Lehen mailako arretarako psikologoak kontratatuko zirela iragarri zen, baina ez da bete.
Agindutako eraikuntza-lanak
Azpiegituretan iragarritako milioika euroko inbertsioak ez dira oraindik gauzatu.
- Ospitaleko ebakuntza-gela berrien eraikuntza-lanak ez dira hasi. Duela urtebete baino gehiago bigarren solairuko ospitaleratze-unitatea itxi zen, eraikuntza-lanak berehala hasiko zirela iragarrita. 21 ohe kendu ziren (ospitaleko onenak eta ondoen hornituak). Aparkalekuan eraikin modular bat eraiki da. Eraikuntza-lanen hasiera atzeratzen joan da. Ospitalea martxan zegoela barruko obrak saihesteko eraikin erantsi bat eraikitzeko proposamena baztertu zen; aukera hori bai hautatu zen Zumarraga eta Arrasateko ospitaleetan.
- Irun Zentroan, 2020ko uztailetik, lau kontsulta kanpoko barrakoietan mantentzen dira. Alarde kalean iragarritako eraikuntza-lanak ez dira hasi, barrakoiak kentzeko eta herritarrei arreta duinagoa eskaintzeko aukera emango luketenak.
- Oinaurreko anbulatorio berriaren eraikuntza-lanak ez dira hasi. Ez da ezagutzen zein den proiektua, ezta zer zerbitzu eskainiko dituen ere.
- Irun Zentrorako eraikin berri bat agindu da Bidasoa Institutuko patioan. Ideia horrek errezeloak sortu ditu institutuko irakasle, ikasle eta auzokideen artean. Osasun Bidasoak egungo Irun Zentroaren atzeko patioa eraikitzea eta ondoren egungo eraikina pixkanaka birgaitzea proposatzen du.
OSASUN BIDASOAk Osakidetzaren eta Osasun Sailaren egoera eta promesak ez betetzea salatzen ditu.
Profesional faltaren aitzakia ez da onargarria. Herritarren mobilizazioei eta egoeraren salaketari profesional falta egotzi izana falazia bat da.
Egoera gaurkoa Osakidetzaren kudeaketa txarraren ondorio zuzena da. 2025eko abuztuan zuzendaritza nagusia berritu zen, baina ez zuzendaritzataldea; hain zuzen ere, egungo egoera larriaren erantzule zuzena dena. Hobetzeko, berritu egin behar da.
OSASUN BIDASOAk laster mobilizazio sozialak deituko ditu, egoera larria eta Osakidetzaren erantzunik eza jendaurrean agerian uzteko.
HANDITU, BERRITU, HOBETU

