Irungo espazio publikoak erabiltzeko ez da beharrezkoa giza eskubiderik errespetatzea

Irungo Alarde Diskriminatzailek antolatutako argazki lehiaketako irabazleak Irungo alkatearekin eta ordezkari politikoekin, Palmera Montero gunean.

Ione F.eta Enara I.- 2026ko otsailaren 3an Berria egunkariak ezagutzera eman digun albistearekin altxa naiz: “Eraso matxista bat egitea egozten dioten Irungo alarde baztertzaileko buruetako bat babesteko elkarretaratze bat egin dute”.

Zaila Irunen feminista izatea. Oro har ezkertiarra izatea ere zaila da hemen.

Lagunartean telefonoz aritu gara albistearen inguruan. Gertakari asaldagarri honek bultzaturik, Berriako kazetariak seinalatutako zerbaitetan arri dugu arreta: zergatik erabiltzen ditu instalazio publikoak giza eskubideak errespetatzen ez dituen elkarte batek?

Eskerrak Irundik kanpoko jendeak hemen gertatzen denaren inguruan bere ¡kuspuntua plazaratzen duen. Hemen bizi garenok hainbat indarkeria mota normalizatuta ditugu, eta batzuetan ez gara horietako batzuez jabetu ere egiten. Balio ezkertiarrak etengabe umiliatzen dituen Udal Erregimenaren politikek hainbat biolentzia asumitzera eramaten gaitu.

Irunen biztanle dexente bizi gara, baina gizarte-etxe moduko bakarra dugu elkarte guztiontzat. Espazio hori giza eskubideak urratzen dituen alarde baztertzailearen batzordeak ere erabiltzen du.

Lagunartean izan dugun elkarrizketan gogoratu dugu azpiegitura publikoak baliatzeko baimenik jasoko badu, "giza eskubideak errespetatzea" eskatu ohi zaiola ezein elkarteri.

Ziztu bizian jo dugu Palmera Montero espazioko erabilera baldintzak goitik behera aztertzera.

Ara! Hau sorpresa! Irungo gizarte-etxe moduko bakarra erabiltzeko ez da beharrezkoa gizarte eskubideak errespetatzea! Nola, bada, Irungo jaietan gure hiriko kaleak okupatzeko ere oinarrizko eskubideak errespetatzea beharrezkoa ez badal!

Gure ikerketatxoarekin jarraitu dugu eta Irungo Alarde diskriminatzailearen web orrian sartu gara. Hortxe ikusi dugu gure alkate anderea, irribarretsu, Irungo espazio publiko batean giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten gizonei sari bat ematen.

Nazkak eta amorruak gainezka egin digute. Eta umiliazioari nolabait buelta emateko testu hau idaztea erabaki dugu. Bide batez, azken 30 urteetan Irunen Alardea Publiko, Bakar eta Parekidea izateko lanean aritu direnei, guztiei, eskerrak eman nahi dizkiegu. Ez da erraza Irunen feminista izatea.

Irunen ere, giza eskubideak bermatuta nahi ditugu!

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.