ELA Sindikatua.- ELA sindikatuko greba batzordeak Txingudiko Zerbitzuetan (Txinzer), Irun eta Hondarribiko udalen menpeko enpresa publikoan, salatu du atzo 100 egun egin dituztela iada greban eta greba mugagabeab jarraitzen dutela , negoziazioan aurrerapenik gabe. Sindikatuaren ustez, gatazkaren luzapena udalen borondate faltaren ondorio zuzena da.
ELAk adierazi du egungo egoera urteetako lan baldintzen okertzearen emaitza dela: ia 20 puntuko erosahalmen galera izan dute azken urteetan eta beste zerbitzu publikoekin alderatuta baldintza okerragoak dituzte. Sei hilabete baino gehiagoz negoziatzen saiatu arren, enpresak ez du proposamenik aurkeztu, eta horrek grebaren hasiera ekarri zuen.
Sindikatutik salatu dute, halaber, greba eskubidearen balizko urraketak, eta horregatik salaketak aurkeztu dituzte Lan Ikuskaritzan eta demanda bat jarri dute lan arloko epaitegian. Era berean, zuzendaritzaren estrategia kritikatu dute, edukirik gabeko bileretan eta etengabeko luzapenean oinarritzen delako.
Gatazkak dagoeneko ondorioak ditu zerbitzu publikoan: instalazioen itxiera Hondarribian, azpiegituren mantentze faltak eta uraren fakturazioan akatsak, 24.000 etxeri eragingo dietenak. Egoera honek kostu ekonomikoak, osasun arazoak eta zerbitzuaren narriadura ekar ditzakeela ohartarazi du sindikatuak.
Soldata arloan, ELAk nabarmendu du dauden aldeak: azpikontratetan 33.000 euro inguruko soldatak dauden bitartean, Txinzerrekoak 28.000 euro ingurukoak dira, eta enpresaren proposamenak 26.000 eurora jaistea planteatzen du. Halaber, Lanpostuen Balorazioa kritikatu dute, ez duelako behar bezala aitortzen lanpostuen arriskua, nekagarritasuna eta toxikotasuna.
ELAk salatu du zuzendaritzaren soldatak ere, plantillaren gainetik dagoena hirutik bateko aldearikin, eta hori enpresa publiko batean kudeaketa eredu desorekatuaren adierazgarri du.
Sindikatuak azpimarratu du irtenbidea politikoa dela eta Irun eta Hondarribiko udalen esku dagoela. 100 greba egun igaro ondoren, plantillak mobilizazioekin jarraitzeko asmoa berretsi du, lan baldintza duinak lortu arte, eta erakundeei eskatu die egoera desblokeatzeko, gogoraraziz badagoela bideragarria den proposamen bat, 2026ko aurrekontuaren %1 baino gutxiago suposatzen duena.
100 GREBA EGUN Txingudiko Zerbitzuetan (TXINZER)
ELA – Greba Batzordea.- Atzo bete ziren 100 greba egun Txingudiko Zerbitzuetan, ura eta hondakinak kudeatzen dituen eta Irun eta Hondarribiko udalen menpe dagoen enpresa publikoan.
Ehun greba egun ez dira kasualitatea; erabaki baten ondorio zuzena dira: gatazka ez konpondu nahi izatearena.
Gatazka hau ez da duela 100 egun sortu. Plantillak urteak daramatza galerak pilatzen: 20 puntuko erosahalmen galera, aipatutako udaletako beste zerbitzu publiko batzuen azpitik dauden lan baldintzak, bai eta Gipuzkoako beste eskualdeetako antzeko zerbitzu publikoen azpitik ere. Era berean, etengabeko aitortza falta nabarmena daukagu.
Grebaren aurreko sei hilabeteetan, plantillak ahalegin guztiak egin ditu negoziatzeko eta egoera honetara ez iristeko.
Enpresaren erantzuna? Proposamen falta.
Blokeo horren aurrean, greba mugagabea abiatu ginen, eta jada 100 egunetik gora daramatzagu.
Grebarako oinarrizko eskubideak ere urratu dituzte, salaketa aurkeztu genuen Lan Ikuskaritzan, eta enpresaren jarrera tematiaren aurrean, demanda jarri dugu lan arloko epaitegian, bere horretan jarraitzen baitute; ezin da onartu eskirolajea ontzat ematea.
Egoera bideratu beharrean, zuzendaritzak estrategia argia hartu du: edukirik gabeko bilerak, proposamenik gabeko egutegi irekiak eta etengabeko luzapena. Luzatu, nekea eragiteko.
Are gehiago, aldi berean zuzendaritzak alde bakarreko bitartekaritza eskatzera iritsi da, hirugarren batek negoziazioan bitartekari lanak egin ditzan, negoziazio mahaia hutsik mantentzen duen bitartean eta bilera maizago egiteko denborarik ez duela argudiatuz.
Ez dira bilerak falta. Benetako negoziazioa falta da.
Eta, bitartean, normaltasun irudia zabaldu nahi da. Grebak zerbitzuan eragina izaten ari da: Hondarribian herritarren arreta eta garbigunea itxita daude; etxeetara ura hornitzen duten deposituak eta saneamendu sarea ez dira garbitzen; instalazioetan ez da mantentze prebentiborik egiten; eta, gainera, Irun eta Hondarribiko ia 24.000 etxeri uraren faktura okerra sortu zaie, eta horrek ondorio ekonomiko negatibo zuzenak ekarriko ditu abonatuentzat tarifa-tarte bidezko fakturazio sistema berriarekin.
Horrek guztiak ondorio zuzenak ditu eta izango ditu herritarrentzat: alde batetik, instalazioen konponketak ekarriko duen gastu handia ordaindu beharko da, egoerak luzatzen bada larri kaltetuko baitira; bestetik, saneamendu sarearen garbiketa faltak usain txarrak eta arratoi zein labezomorroen ugaritzea eragingo ditu. Hondarribiko herritarrek Iruna joaten jarraitu beharko dute hondakinak uzteko edo kudeaketa administratiboak egiteko. Azken finean, zerbitzuak kaltetuta jarraituko du Txinzerreko plantillak lan baldintza duinak lortu arte.
Gatazka osoan zehar arazoa teknikoa edo juridikoa dela saldu nahi izan da.
Gezurra da.
Datuak argiak dira, operario baten kasuan:
- Azpikontrata: 33.000 €/urte
- Txingudiko Zerbitzuetako plantilla: 28.000 €/urte
- Enpresaren proposamena: 26.000 €/urte
Hau ez da eztabaida teknikoa. Erabaki politikoa da: funtsezko zerbitzu publiko bat sostengatzen duten langileek probintziako beste mankomunitateek, kontratatzen dituzten udalek edo euren azpikontratak baino gutxiago kobratu behar duten ala ez erabakitzea.
Enpresak ia hiru urteko lanketaren ondoren Lanpostuen Balorazioa aurkeztu du, baina ez du lanaren errealitatea islatzen; ez ditu aitortzen lanpostu batzuen arriskutasuna, nekagarritasuna eta toxikotasuna, eta egungo soldaten azpitik daudenak ere proposatzen ditu. Horri gehitu behar zaio, zuzendaritzaren irizpidearen arabera, plantillaren %35ek dagokionaren gainetik kobratzen duela agertzen dela. Kasualitatea, plantillaren %35 greban dago.
Txinzerreko plantillak etxeetara iristen den uraren osasungarritasuna, saneamendua eta hondakinen kudeaketa bermatzen ditu, besteak beste.
Baldintza gogor, arriskutsu eta batzuetan toxikoetan egiten du.
Gasengatik eta amiantoagatik gertatutako heriotzak bezalako ondorio errealekin. Eta, hala ere, soldatak murriztea planteatzen da.
Plantillak erosahalmena galtzen duen eta baldintza duinen alde borrokan ari den bitartean, zuzendaritzak bere soldatak handitzen ditu eta plantillaren errealitatetik, antzeko erakundeetatik eta udaletatik oso gorako mailatan kokatzen da. Zuzendaritzari ez zaio nahikoa iruditzen bere soldatak operarioenak baino ia hirukoitza izatea.
Horrek agerian uzten du klase bereizketa argia duen eredua: murrizketak plantillarentzat, pribilegioak zuzendaritzarentzat.
Txingudiko Zerbitzuak ez da enpresa pribatu bat. Irun eta Hondarribiko udalen menpe dago. Irtenbidea ez dago txostenetan ezta aholkularitzetan ere.
Erabaki politikoetan dago.
100 egun igaro ondoren: plantillak negoziatzen jarraitzen du, proposatzen du eta irtenbideak jartzen ditu mahai gainean. Orain udalaren esku dago gatazka mugagabean luzatzea, zerbitzuaren kalitatea gero eta gehiago kaltetuz, edo azkenean hartu beharko dituzten erabakiak orain hartzea, Txinzerreko plantillak ez baitu borroka etengo.
Txinzerreko langileok 100 egun hauetan batasuna, irmotasuna eta duintasuna erakutsi dugu. Ez gaude greban kapritxoz; urte gehiegitan izan ez ditugun lan baldintza duinen alde gaude greban.
Irtenbidea badago, mahai gainean dago, eta 2026rako Txinzerrek aurreikusitako aurrekontuaren %1 baino gutxiago suposatzen du. Ez bada heltzen, ez delako heldu nahi da.
Eta horregatik, gaur argi eta garbi diogu: ardura politikoa da eta izen-abizenak ditu. Laborda andrea eta Emparan jauna, egin ezazue zuen lana, desblokeatu egoera eta akordioaren alde egin lan.

