
Alarde Parekidearen Junta.-2026an, emakume talde batek Alardean berdintasunez parte hartzeko Irungo Udalari eskatu ziotela 30 urte bete direnean, Alarde handi-handi bat egun dugu 2.400 lagunek.
Baieztatu dugu urtetik urtera Irunen gero eta emakume gehiagok gozatu nahi dugula geure herriko jaietako ekintza tradizional enblematikoenean; hau da, San Martzial Alardean. Gaurgero inork ezin dio ezikusiarena egin ehunka, milaka emakume gazte eta helduk erabakitzen dutela ekainaren 30ean Alardean parte hartzea. Urtez urte egiaztatzen dugu zer nolako emozioa sentitzen dugun, urte luzeetan ukatutako esperientzia kaleetan gauzatzen dugularik.
Aurten berriro ospatu dugu San Martzial Alardea jai giroan, zeren eta sekulako festa baita Alarde parekidea egitea, non, musikaz blai, elkartasuna nagusitzen den, pertsona orori ongietorria eginik, inolako bazterkeriarik gabe.
Hau guztia posible egiten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Lan handia egin behar da, eta lagun askok denbora luze ematen dute, ahaleginak eta bi eginez, berdintasunezko Alardea antolatzen: eskerrik asko konpainietako agintariei, lan-batzordeei, espaloietako publikoari, eta oro har Alarde eder hau egiten jai giroan nola edo hala laguntzen duten guztiei. Eta eskerrik asko Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Emakunderi, diruz laguntzen baitute.
Berriro salatu behar dugu Alarde parekidea partikular talde batek antolatu beharraren anomalia; izan ere, erakunderik hurbilenak, Irungo Udalak, Cristina Laborda alkatea buru dela, ez du bere gain hartzen ardura hori, harena izan arren festetan ere gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzeko eginbeharra. Erantzukizun saihestezina du, eta betetzen ez duenez gero, erakundearen beraren zilegitasuna zalantzan jartzen du. 30 urte igarota, bada tenorea Udalak deialdia egin eta herritar guztientzako Alarde bat antolatzekoa. Emakumeen askatasuna eta duintasuna ezin dira utzi esku pribatuetan eta, berdintasuna lortuko bada, instituzioak behingoz eskubideak betearazteari heldu behar dio.
Alardearen aurreko asteetan, sare sozialetan gure aurka jarduteko ekintzak egitera deitu zuen kanpaina bat pairatu dugu, gu beldurtzeko eta kikilarazteko xedez. Iraganean momentu latzak pasa ditugu, baina ez dugu inoiz aurrera egiteko adorerik galdu. Ez gaituzte inoiz gure helburutik aldendu, eta bazterkeriarik gabeko Alarde bat denontzat egin izan dugu. Aurtengo mehatxuek ere ez gaituzte izutu, larre motzean haziak baikara, eskuzabalak gara eta elkartasuna dugu ezaugarri.
Gora Irun!! Gora San Martzial!!
