Bidasoaldeko osasungintza publikoaren egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Bertako zerbitzuak galtzen ari gara, eta pribatizazioa hedatzen ari da

Concnetración Plaza ensanche Irun Osasun Bidasoa Plataforma

Osasun Bidasoa Plataforma.- Uda igaro ondoren, Bidasoaldeko osasungintza publikoaren egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Larrialdietan langile gutxiago daude eta ez dago pediatria-arretarik; gero eta paziente gehiago bideratzen dituzte zentro pribatuetara, eta urologia, errehabilitazioa eta Minaren Unitatea kolapsatuta daude. Horixe da gaur egungo egoera.

Larrialdiak

Udan, Bidasoko Ospitaleko larrialdi-zerbitzuak behar baino langile gutxiagorekin jardun du. Eguneko txanden % 61ean lau mediku baino ez dira egon, beharrezkoak ziren bostak izan beharrean; eta txanden % 2,5ean, hiru mediku soilik. Txanden % 20 aparteko orduen bidez bete dira, eta horietatik % 62 beste eskualde batzuetako medikuek bete dituzte.

Ez da pediatrarik egon ez Bidasoko Ospitaleko larrialdietan, ez Irungo Erdialdeko Anbulatoriokoetan. 2025eko apirilean Bidasoko Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zirenean, Osakidetzak iragarri zuen Irungo Erdialdeko Etengabeko Arretako Gunean (EAG; gaztelaniaz, PAC) pediatrak egongo zirela lanegunetan 17:00etatik 22:00etara eta larunbatetan zein jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara. Ordutik, ordea, ez da pediatrarik egon ez ospitalean, ez EAGn.

Zentro pribatuetara bideratutako pazienteak

Nabarmen ugaritu dira Donostiako Quirón/Poliklinikara egindako bideratzeak. Osasun pribatura bidaltzen ari dira traumatologiako kontsultak, urologiako ebakuntzak, oftalmologiakoak (kataratak) eta traumatologiakoak (protesiak), baita lehen Bidasoaldean egiten ziren koloneko minbizia goiz detektatzeko programako kolonoskopiak ere.

Kasu horietan, ez da bermatzen ebakuntzen ondorengo jarraipena. Gainera, ez zaie eragindako osasun-profesionalei jakinarazten zein paziente bidaltzen diren zentro pribatuetara, ezta zergatik ere. Arazo informatikoak ere badaude, Bidasoaldeko medikuek zentro pribatuetan egindako proben emaitzak eta txostenak kontsultatu ahal izateko.

Bertako zerbitzuen galera

2025eko apirilean pediatriako larrialdiak itxi izanaz gain, lau urte baino gehiago daramatzagu bertako urologorik gabe. Gaur egun, Donostiako Ospitaleko urologoek aparteko orduak eginez eskaintzen dituzte kontsultak Bidasoko Ospitalean, baina ez dago bermatuta pazientearen jarraipena profesional berak egingo duenik.

Minaren Unitateak urtebete baino gehiago eman zuen hitzordurik eman gabe. Jarduera berriz hasi bazuen ere, geldirik geratu da berriro, bertan aritzen ziren profesionalak lekualdatu dituztelako.

Errehabilitazio-zerbitzuan profesional bakarra dago, beharrezkoak diren hiruren ordez.

Espezialisten kontsultetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron-zerrendak

Ez da proba diagnostikoetarako itxaron-zerrendei buruzko daturik ematen. Horren ondorioz, proba eskatzen duen medikuak ezin du jakin zenbat denbora igaroko den proba egin arte. Gehiegizko itxaronaldiak diagnostikoak atzeratzea eragin dezake, eta horrek pazienteen bizitza arriskuan jar dezake.

Espezialisten kontsultei dagokienez, ez da urologiako edo Minaren Unitateko itxaron-zerrenden berri ematen. Gainerako espezialitateetan, beheko taulak 60 egunetik gorako itxaronaldiak jasotzen ditu (60 egun da onargarritzat jotzen den gehieneko epea).

ESPEZIALITATEA ITXARONALDIA (EGUNAK)
ERREHABILITAZIOA 166
OTORRINOLARINGOLOGIA 143
TRAUMATOLOGIA 110
KIRURGIA OROKORRA 79
OFTALMOLOGIA 77
DERMATOLOGIA 75

Osakidetzak Bidasoaldeko familia-medikuei emandako datuak (2026ko urria).

Kontuan hartu behar da, gainera, itxaron-zerrendak itxuraz laburtzeko, espezialitate batzuetan kontsulta-eskaerak atxiki egiten direla, pazienteei hitzordurik eman gabe. Horrela, eskaerak berriz izapidetzen diren arte, pazienteak ez dira itxaron-zerrendan sartzen. Ebakuntzetarako itxaronaldia, berriz, anestesistak pazientea artatzen duenetik zenbatzen hasten da, eta ez zirujauak ebakuntza egin behar dela adierazten duenetik, azken hori izan beharko bailitzateke irizpidea.

Obrak eta etorkizuneko inbertsioak

Ebakuntza-gela berriak egiteko lanak motel doaz. Aurreikusi gabeko egitura-arazo larriak agertu dira, eta horrek eragozpenak sortzen dizkie bai osasun-profesionalei, bai ospitaleratutako pazienteei eta haien senideei. Osakidetzak, ulertezina bada ere, alboko eraikin bat egiteko aukera baztertu zuen. Aukera horrek egungo arazoak saihestu eta ospitalea benetan handitzea ahalbidetuko zukeen.

Irungo Erdialdeko Anbulatorioak 2020ko uztailetik darama barrakoiekin. Alarde kaleko lokal berrietako obrak hasi badira ere, oraindik ez dago barrakoiak kentzeko datarik.

Oinaurreko anbulatorio berriaren proiektua esleitu da, eta 2030. urtearen amaierarako martxan egongo dela agindu dute.

Bidasoa Institutuko patioan beste anbulatorio bat eraikiko dutela agindu dute, baina ez dute eperik zehaztu.

Osasun mentaleko arreta

Helduentzako nahiz haur eta gazteentzako arretak egoera kaskarrean jarraitzen du. Langileak falta dira, eta arreta emateko espazioak ez dira nahikoak eta zaharkituta daude (ospitale zaharrean). Gainera, ez dago bermatuta ikastetxeekiko koordinazioa, nahiz eta hori ezinbestekoa izan haurrei eta nerabeei eragiten dieten arazoei heltzeko.

Osasun-profesionalen motibazio-galera

Aurreko guztia dela eta, Bidasoaldeko osasun-profesionalek etsita eta gogogabetuta daudela adierazi digute. Beste eskualde batzuetara lekualdatzen jarraitzen dute, eta gero eta zailagoa da profesional berriak aurkitzea.

Profesionalen eta kontsultarako espazioen eskasiak, kudeaketa txarrak eta gero eta paziente gehiago zentro pribatuetara bideratzeak lan-giro etsigarria sortzen dute. Horren ondorioz, profesionalek gure eskualdeetatik alde egiten dute, eta bertan jarraitzen dutenak ere gogogabetu egiten dira.

OSASUN BIDASOA HERRITAR PLATAFORMA

Handitu, berritu, hobetu.

Etiquetas: