Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea

fotoIrungo jaien usaina heltzen hasi zaigu jada. Lagunak, parranda, jolasak, ospakizuna, barreak eta dibertimenduaren garaia iritsi da. Horrela imajinatzen ditugu jaiak, bai. Baina errealitatean dena ez da hain perfektua. “Festa dezagun gaurdanik geroa” gaur egungo jai ereduaren inguruan egindako dokumental batean, galdera hau botatzen du elkarrizketatu batek: Zergatik pasatu behar dugu batzuk hain gaizki beste batzuek hain ondo pasa dezaten?

Galdera hori luzatzen dugu guk gaur. Zergatik emakumeok kontuz ibili behar dugu parrandatik etxera bueltatzen garenean? Zergatik azken aste hauetan Euskal Herrian ospatutako festa guztietan eraso sexualak izan dira? Zergatik jaien inguruan “dena posible da” ideia zabaltzen da zenbait pertsonen artean? Zergatik ematen dira eraso homofobo edo arrazistak?

Guk jaiez gozatu nahi dugu, parranda egin nahi dugu ordu txikietara arte eta lasai bueltatu etxera. Nahi dugunarekin ligatu nahi dugu, nahi dugun momentura arte. Ezetz esaten dugunean, behin bakarrik esatearekin aski izatea nahi dugu. Lagunekin egon nahi dugu, denok gozatzea nahi dugu. Nahi dugun bezala atera nahi dugu kalera horregatik zigortuak izan gabe. Gure buruekin pozik egon nahi dugu, gure gorputzekin eta arimekin ospatu nahi ditugu jaiak.

Horregatik, festetan sortzen diren indarkeriazko espazio inpune horiek borrokatu nahi ditugu, barrearekin eta ironiarekin. Biboteak ateratzera gonbidatzen ditugu irungo eta inguruko pertsona guztiak.Bibotea bilakatuko dugu gure sinbolo, gure ikur. Barre egiten diogu inposatutako edertasun ikonoari, barre egiten diogu emakumeak jaietan gozatu ezin dugula pentsatzen duenari, barre egiten diogu matxistari, arrazistari, homofoboari.

Baina jakin badakigu, barre egitea oso ona bada ere, beldurra eta erasoak eman ahal direla gure jaietan, eta horiei aurre egiteko edo behintzat hauek ekiditzeko zenbait gomendio eman nahiko genizkioke jaietan parte hartuko duen horri, batez ere, jaien esparru nagusia Ficoban jarri den honetan eta inguruan puntu beltzak bezala identifikatuak izan diren horiek sortu ahal izan duten beldur edo kezkagatik.

Espazio libre eta seguroak bilakatu behar ditugu Irungo kaleak, indarkeri sexista ikusten edo somatzen badugu salatu eta elkar laguntzera gonbidatzen dugu. Inpunitatea eta jarrera matxistak amaitu daitezen.

Kaleak, jaiak guztionak dira. Bultzatu dezagun guztion artean  gomendioak eman behar ez den jendartea.

Jaietan denok ondo pasatzea da gure helburua, eta horretarako egongo gara zenbait egunetan bibotearekin argazkiak ateratzeko photocall eder honekin, eta horretaz gain, zuen zalantza guztiak argitzeko. Jaiak gozatu! Denon eskubidea da!

http://aterazurebibotea.wordpress.com/

bigotes

Etiquetas: