Euskal Y: gezurrak gezurren gainetik

AHT gelditu! Elkarlana.- Abiadura Handiko Trenak, beti aipatu izan dugun bezala, alor ugari ukitzen ditu eta kalte desberdin ugari eragiten ditu. Gaurkoan, aipatutako alor desberdinetaz ditugun berriekin batera, berriak ez diren beste hainbat puntu ditugu aipagai. Berri horiek Bergarako lotunearekin eta hiriburuekin doaz lotuak.

2015eko martxoan, Bergarako lotuneko hainbat zati esleitu ziren zeintzuek lizitazioko prezioetan aurreikusitakoaren % 50eko beherapena zuten. Harrigarria egin zitzaion pertsona orori eta pasa den astean Gobernu zentralak orduango kontratua deuseztatzen duela kaleratu du. Honekin, azkenik aipatu zituzten amaiera datak inondik inora errealak ez direla ikusten da. Amaiera gainean dugula ikusarazi nahi izan digute geldiezina dela transmitituz. Orain gero eta gehiago ari da esaten 2022-2025 arte ez direla lanak bukatuko.

Hiriburuei dagokienean, hilabeteak badira Eusko Jaurlaritzako zein hiriburuetako politikariak Espainiako Gobernuarekin hiriburuetako lanez hizketan dabiltzala. Ez dute ezer argi helarazten baina hala ere, argi dago pastel banaketa nola burutu dabiltzala negoziatzen. Azkenik, Eusko Jaurlaritza zein Donostiako udalak, Donostiako tren geltokia bere gain hartzea proposatu diote Espainiako Gobernuari. Honen eraikuntzarako 115 milioi euro aurreikusten dituzte eta honek, beraien artean hitzartua dagoen kudeaketarako mandatua aldatzea eskatzen du. Baina noski, ez digute argi uzten Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak ordainduko lukeen. Indefinizio berbera ari da  gertatzen Bilbo eta Gasteizko sarbideekin ere. Esaterako, lurrazpitik egiten badute Bilboko sarrerak 314 milioi €  eta Gasteizkoak 421 milioi € kostatuko luketeela aurreikusi dute. Nola da posible obrak hasi zirenetik hamar urte igaro ondoren oraindik ez jakitea hirietan nola eta nondik sartuko den? Badago hau baino inprobisazio handiagorik?

Hau jakinik, egia ez dutela helarazten dago ikusgai eta behin eta berriz errepikatzen duten gardentasuna gezur hutsa dela adierazten du. Gainera, daukaten gardentasun eza ez da bi puntu hauetan bakarrik, baizik eta beste hainbat eta hainbat izan dira ikusgai egunerokotasunean AHTren historian. Esaterako:
  - 2006ko apirilaren 24an amaitu ziren Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak Euskal Y-a finantzatzeko sinatu zuten hitzarmena eta bertan, “Euskal Y”-an 4.178 milioi euro inbertitzea adostu zuten, horietatik 1.642 miloi euro Gipuzkoako zatia egiteko aurreikusiak. Gaur egun, zifra hauek gogor egin dute gora.

  - Gipuzkoan zati batzuk gelditu dituzte eta ez dugu informazio argirik; Dakigun bakarra da hilero milioi erdi € kostatzen duela lanak geldituta izateagatik.

Gezurretan, inprobisazioetan eta lardaskerietan oinarritutako proiektu hau lehen bait lehen gelditu behar da eta putzu honetan sartu gaituztenei erantzukizunak eskatzeko garaia heldu da. Lanak gelditu gabe zenbat eta denbora gehiago pasatzen utzi,  gero eta zailago izango da hondorik gabeko putzu honetatik onik ateratzea.

Etiquetas: