AHT: Euskal politikaren Giltzarria

Duela bi hilabete eskas, Rajoyren inbestidura  zela eta, PNVk behin eta berriz aldarrikatu zuen PPri ezetz borobila emanen ziola arrazoi askorengatik. Orain, Espainiako aurrekontuen onespenari begira ,  ezetzaren irmotasun hura erabat urtu da. Tartean, bistan denez, AHT dago.

Andoni Ortuzar aho bilorik gabe mintzatu zen PPk 2017ko aurrekontuei begira PNVren sostengua nahi bazuen euskal Y-a bultzatu behar zuela esanez. PNV  aurrekontu murriztaile eta insolidarioak sinatzeko prest dago baldin eta PPk euskal Y-a bultzatzera konprometitzen bada. Euskal Herriaren interesak eta etika politikoa pikutara bidaltzen dituzte beren modernitatearen totema sostengatuz gero. Hortik etorri da Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroa eta Arantxa Tapiaren arteko bilera eta ondoren, berau eta hiru euskal hiriburuen alkateen artekoa ere. Desblokeatu nahi omen dute AHTren paralisia.

Eusko Jaurlaritza osatzen duten PNV-PSE alderdientzat guztiz funtsezkoa da euskal Y-a, beren enpresak,  bezero-sareak, hiri eta garapen eredua eta  interes kapitalisten  alde jokatzen duelako. Hor daude hiru hiriburuetan - batez ere Bilbon- gauzatu nahi duten pelotazo urbanistikoak.

Proiektu ero hau gelditu behar da. Oraindik garaiz gaude eta inoiz ez da berandu izango. Nahiz eta inbertsio erdia egina izan beste erdia falta da. Eta osotara bukatuta balego ere, martxan jartzearen kontra geundeke, arrazoi askorengatik:
  - Odoluste ekonomikoak etenik izanen ez lukeelako, zerbitzua guztiz defizitarioa izango litzateke eta ( pobreok mantendutako aberatsendako trena da AHT). Hori dela eta murrizketek indarrean segituko lukete.
  - Energia kontsumoa izugarria suposatuko lukeelako, bere eragin kaltegarri guztiekin: kutsadura, aldaketa klimatikoa sakondu,...)
  - Lurraldearen desoreka bizkortuko lukeelako: Hiriak gero eta handiagoak landa eremuaren  kaltetan.
  - Munduko herri aberats eta pobretuen arteko distantzia handituko lukeelako
  - Estres eta presaren kultura areagotuko lukeelako modernitatearen buruko gaitzak are gehiago zabalduz.

Arrazoi hauengatik eta beste askorengatik salatu nahi ditugu AHT bultzatzen ari diren alderdi politiko oro. Lurraren txikizioa eta jende xehearen pobretzearen arduradunek izen eta abizenak dituzte. Bada garaia euren erantzukizuna eskatzen hasteko.

AHT Gelditu! Elkarlana

Etiquetas: