Irungo EHBildu Plaiaundiko pisten leku aldatzearen inguruan

Irungo EHBilduk, egun hauetan Plaiaundiko pisten leku aldatzearen inguruan atera diren albisteak direla eta, honako adierazpen hauek egin nahi ditu.
    1- Beko-Errotaren kokapena, arrazoi askorengatik,  gure hirirako ondorio larriak ekar ditzakeen proposamena delakoan gaude, bere garaian planteatu ziren zailtasun teknikoez gain, ingurumen aldetik bereziki ondo babestu beharreko eremua delako.

    2- Gaur egun, egoera honetan egotearen arduradun nagusiena, zalantzarik gabe, PSE da. Mende honen hasieratik gai honekin bueltaka ibili da Santano jauna, baina errealitatea askotan egoskorra da, eta agerikoa da ez dela, urte luze hauetan,  inongo erabakirik hartzeko gai izan. Horrela, 2017. urtera iritsi gara, Europako  isun erraldoi baten mehatxupean.

    3-  2015eko udatik aurrera, EAJ-PNV-k arloaren ardura hartu zuenetik, ez da aldaketarik eman aurreko astera arte, non “B plan” horren berri eman zitzaigun Olaberriako Beko-Errotako aukera mahaigaineratuz. Irungo EH Bildutik EAJ-PNVri  akats historikoa ez egiteko eskatu nahi diogu. Beko-Errota ez da inoiz benetako aukera izan, beraien taldearena ere ez, programan urteetan islatu baitute eremu horrek Irungo birika berdea izaten jarraitu behar zuela. Gure taldetik geure buruari zera galdetzen diogu: zergatik iritzi aldaketa hori? non gelditzen dira herritarrekin hartutako konpromiso haiek?

    4- Irungo EHBilduk San Miguel-Anakaren kokapenaren aldeko apustua berrestu nahi du.  Erabat konbentzituta gaude kokapen hau, gainontzeko guztiekin alderatuta, onena dela, bai irisgarritasunaren aldetik baita aukera honek eskaintzen digun hiri kirolaren integrazioagatik ere. Proiektu hau aurrera eramango balitz bertako bizilagunek, oro har herritarrek, kirol klubek,  Plaiaundiko guneak, laburbilduz, guztiok  irabaziko genuke.

        Hori dela eta, gure taldetik,  inoiz baino indar gehiagorekin, San Miguel-Anakako kokapena berraztertzea eskatu dugu, eta horretarako, erregistro bidez,  diru partida bat zabaltzea eskatu dugu datorren asteko udalbatzara eramango den kreditu aldaketan.

    5- Bukatzeko, behin benetako aukera guztiak maila berean jarrita, herritarrei ahotsa eman beharko litzaieke, egokien ikusten duten aukeraren alde egiteko, eta ateratako emaitzarekin aurrera egin, behingoz,  azken urte hauetako nora ezeko ibilbidea inoiz gehiago ireki beharko ez genukeen kaxa batean gordetzeko.

Etiquetas: