Sara eta Izar etxera

Izarri egindako erasoak danok eraso gaitu. Eta gure kasuan, oso era bortitz eta ugaritan gainera. Emakume bezela erasotu gaitu, gu ere bere garaian preso politiko izan ginelako erasotu gaitu, eta ama garen heinean ere erasotu egin baikaitu eraso honek. Horregatik, beste ezer baino lehen, gogor salatu behar dugu patriarkatuaren islada eta ondorio zuzena den eraso anker eta doilor hau. Eta baita, nola ez, Blanca Esther Marquesen erailketa ere.

Era berean, Sarari gure elkartasun eta maitasun osoa helarazi nahi dizkiogu gaurkoan. Sara, zurekin gaude eta egongo gara aurrerantzean egin beharreko bidean ere. Jaso ezazue zuk, Izarrek eta zuen senideek gure besarkadarik bero eta goxoena.

Badago gaur hemen bildu garenon artean -eta lan arrazoiengatik etorri ez diren beste hainbat emakumeren artean- lotura berezi bat. Gu gartzelan ginelarik izan ginen ama. Bertan hazi genituen gure seme-alabak. Carabanchel, Yeserias, Granada, Picassent, Pau, Dueñas, Aranjuez, Fleury, Soto del Real edo Teixeiroko espetxeak izan ziren gure umeen bizileku, euren lehen hiru urteetan espainiar estatuako espetxeetan eta haurrek 18 hilabete bete arte estatu frentsesekoen kasuan.

Bai, ez dira gutxi izan espetxeetan jaio eta bizi izan diren euskal haurrak. Berrogei guztira, lehengo astean bertan jaio baitzen azkena, Valentzian kasu honetan. Momentu honetan gartzelan dauden haurrak lau dira beraz eta Picassenten daude guztiak.

Halaber, hemen gauden amak atera ginen kalera. Baina badira berrogei haur hauetako asko, hogei zehazki, oraindik ere ama espetxean dutenak.
 
Espainiar estatuan amen modulu berezietan egon ginen eta estatu frantsesaren kasuan hori ere ez zegoenez, modulu arruntetan. Modulu hauetako bizimodua gartzelako bizimodu arruntaren oso antzekoa da. Errutinak, espazioa, funtzionariak…berberak dira. Honenbestez, haurraren premiak kontutan hartuz gero gabezia asko dituzte modulu hauek.

Guk, premia horiek gure senideen laguntzarekin orekatzen saiatu ginen: gure senideek ateratzen zituzten haurrak espetxetik kalea, mendia edo hondartza ezagutu zitzaten; kalitatezko elikadura bat eskeintzen saiatu ziren haurra beraiekin kalean zen egunetan behintzat; eta gure senideak egon ziren ospitalean gure haurren bat ingresaturik egon zenean.

Alta, haurrekin egon eta beraiekin kalera ateratzeko gure senideek 300, 600, 800 km egin behar izaten zituzten. Gainera, gure haurrek beraiena ez zen errealitate sozial eta kultural batean hazi behar izan ziren. Euskaraz hitzegiten ez zen lekuetan, herrialde arrotzetan, Euskal Herritik oso urrun.
 
Halaber, eta kontrakoa irudi badezake ere, gaur argi utzi nahi dugun errelaitatea honakoa da: ume hauentzat momentu delikatu eta konplexuenak ez ziren urte horiek izan, amarengandik banatzen zirenak baizik. Bai, gartzelan gabezia txiki asko bazituzten ere, behin kalera aterata gabezia handi bat izatera igaro baitziren, amaren falta.

Edozein ama eta umeren arteko lotura berezia bada, zer esanik haur hauen kasuetan. Ama da umearen atxikimendu irudia, berarekin egon baita 24 orduz hiru urtetan zehar. Berak eskeintzen dizkio lasaitasuna, sosegua, segurtasuna eta oreka umeari. Eta, ondorioz, bere faltak antsietate handia eta ziurtasun eza eragin ohi dizkio.

Behin kalera aterata, ume hauek gabezia horretara egokitzeko prozesu luze eta konplexu bat bizitzen dute. Aldaketa handia da eta gainerako senideen babesa eta laguntza funtsezkoa badira ere, amaren hutsunea oso handia izan ohi da haur hauentzat. Era berean, banaketa honek eragin sakona izaten du espetxean gelditzen den amarengan. Berak ere prozesu luze eta zaila garatu behar izaten duelarik egoera berrira egokitzeko, inoiz egokitzen bada.

Gartzelatik ateratzen den umearen eta bertan gelditzen den amaren arteko banaketa kasu guztietan zaila eta gogorra bada, zer esanik ez Izarrek bizi duen bezalako egoera batean. Izarrek zauri fisiko sakonak ditu. Fisikoak eta baita bestelakoak ere. Eta behin ospitaletik aterata bere ama da egin beharreko bide horretan hobekien lagun diezaioken pertsona. Esan bezela, Sara baita Izarri lasaitasuna, ziurtasuna eta oreka eskeintzen dizkiona. Beste era batetara esanda, Izarren osatzen fisiko zein psikologikoan ezinbesteko zutabe da Sara.
 
Gogoratu beharrean gaude haurra ingresatu zutenean medikuek beraiek eskatu ziotela gartzelari Sara umearengana ahalik eta gehien eramam zezaten. Izarrek oso positibiki erantzun baitzuen Sararen estimuluen aurrean.

Eta hau guztia gutxi balitz, ondokoa gehitu behar dugu: Sarak duela bi urte terdi bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Alegia, Izarrek 5 hilabete zituenetik kalean behar zuten biak.   Horregatik bildu gara gaur Donostian. Izarrek Martxoaren hasieran hiru urte beteko ditu eta ezingo da denbora gehiagoz bere amarekin gartzelan egon. Ondorioz, Izar ospitaletik ateratzean bere amarekin Donostiara, etxera itzuli behar dela esan nahi dugu ozen. Justiziagatik, printzipio etikoengatik eta haurraren osasunarentzat behar-beharrezkoa delako. Bide luzea dute aurretik, ezinbestean biek elkarrekin egin beharreko bidea. Sara eta Izar etxera.

Espetxean ama izan ginen euskal preso politiko ohiak

Etiquetas: