Abotsanitz Herri Batzarrak Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta

cartelAbotsanitz Herri Batzarrak Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, hausnarketa egin nahi izan du.

Lehenik, gogora ekartzen du egun honen izan-arrazoia Emakume Langilearen aldarrikapenetatik datorrela. XX. mendetik datorren aldarrikapena da emakumeek lan mundura eta gizartera jauzi egiteko zituzten zailtasun eta trabak gainditzeko asmoz. Honen aurretik baina, mendeetako borrokak ere izan dira, emakumeak dagokion lekua, gizonaren parekoa, gizarte honetan izan dezan, etab.

Gaur egun, XXI. mendean murgilduta gauden honetan, genero ikuspegitik tamalez gizarteak borrokan jarraitu beharra dauka emakume zein gizonezkoen aukerak berdinak ez direlako. Aurreko mendeetako ekintzek ez baitute lortu pertsona guztien arteko aukerak berdintasunean oinarrituak izatea.

Hala nola:

  • Errentaren inguruko desberdintasunak
  • Formakuntzaren inguruan, hobekuntza nabarmena izan den arren, egiteko dauden esfortzuak; ikasketarik gabeko tasekin amaitu beharra
  • Aktibitate tasari dagokionean, langabezia maila handiagoa jasateaz gain lan baldintza okerragotan jarduten dute orohar emakumezkoak (prekarizazioa, etab.)
  • Urtero milaka emakume indarkeriaz erahilak eta jazarriak izaten dira, gizarte bezela egoera hau eraldatzea ezinezkoa egiten zaigularik

Datu guzti hauetatik ateratzen ditugun ondorioak dira genero ikuspuntutik mendeetako borrokak izan badira ere, diferentziak mantentzen direla gaur egun. Eta diferentzia horiek gutxitze aldera, lanean eta borrokan jarraitzearen beharraz jabetuta, aurrera jarraituko dugu, besteak beste, lana eta familia uztartzeko ekimenak proposatuz; laneko behin-behinekotasunarekin amaitzea eskatuz; zatikako lanaldiak emakumeengan ezartzen duen pisua gizonezkoekikoarekin orekatzea bultzatuz, jasotzen duten (eta jasoko duten) errentan duelako eragin zuzenena; jardunen diferentziazioarekin amaitzeko urratsak eman behar dira, eta abar.

Abotsanitz Herri Batzarretik ere kritika egin nahi dugu feminismoaren / berdintasunaren inguruan Hondarribiko Udalaren ekinbideari. Erakunde publikoak adierazpenetatik ekintzetara pasatzeko garaian gaude eta Hondarribiko Udalean aurreko urtean egun honen karira hartutako konpromisoak ez bete izanak, egunaren indarra galbidean jartzera eramaten duela iritzi diogu.

Ez dugu atseginez ikusten ere, Hondarribiko Udalak 2016. urtean Abotsanitzen ekimenez genero indarkeriaren kontrako protokoloa garatzeko diru partida aurrikusi zuen eta 2017an protokoloa proposatuta ezezko bozka eman zion EAJ / PNVk, gaurdaino ez delarik lanketa hau jorratu. 2017. urterako berdintasun plana jorratzeko partida proposatu du Abotsanitzek eta baita Udalbatzak onartu ere. Lanketa hau ere ez delarik momentuz jorratu.

Ekitaldi honetako konpromisoen artean bi ekimen hauek lehentasunez jorratzea eskatu dugu Udalean eta, azken unean bada ere, idatziak hau jaso izanak eraman du Abotsanitz Udal Taldeak adierazpena berrestera.

Abotsanitzek bat egiten du martxoaren 8rako nazioarte mailan herrialde anitzetan emakume antolakundeek egin duten greba deialdiarekin. Gaur egun gizonezkoekin konparatuz emakumeek jasaten duten desberdinkeria salatuz, grebara deituak izan dira mundu osoko emakumeak.

Etiquetas: