AHTaren aurkako Bizi Martxaren laugarren eta azken kronika: Irurtzun-Altsasu (29, igandea)

Albokaren soinuz esnatuta eta gosaldu ondoren berriro ere pedalei ekin diegu. AHTarendako plazaratu duten azken proiektuak zeharo kaltetzen dituen Ekai, Zuatzu eta Satrustegiren barna igaro gara. Sakanako herrietatik pasatzen ari ginen bitartean, bertako biztanleak bizi martxara batuz joan dira, heldu zein haur. Azpimarratzekoa Ihabarren batu zaigun ume kuadrila. Lakuntzan hamaiketakoa hartuta Etxarri Aranazera heldu gara. Naturaz gozatzeko oinezko asko darabilten bide ertzean  AHTaren aurkako monolitoa inauguratu dugu. Aurresku baten ondoren, Sakanako erakunde ezberdinetako hiru kidek berretsi dute AHTaren aurka eta ohiko trenaren aldeko konpromezua.

Aritzalko inguruan gelditu gara AHTak eragingo lukeen txikizioa ikusteko. Izan ere Aralar eta Urbasaren arteko basafaunaren pasabide naturala guztiz kaltetuta suertatuko bait litzateke.

Bakaikuko jaiak zirela baliatuz etenalditxo bat egin dugu bertako biztanleei informazioa banatzeko. Iturmendiko Aizkozar elkarteak prestaturiko bazkari goxoa dastatu ondoren Ziordira jo dugu Arabatik zetorren AHTaren aurkako beste martxarekin bat egiteko. Handik aurrera tropela bikoiztu eta aldarrikapen oihuak biziagotu dira.  Bizi martxa bizi poza bilakatu da. Ziordia berean dagoen Amarauna proiektu autogestionatua bertakoen ahotik  ezagutzeko parada izan dugu. Aintzineko komentu honek aukera ematen dio herri mugimenduari topaketak eta hainbat jarduerak burutu ahal izateko.

Arabakoekin batera Altsasurainoko azken kilometroak burutu ditugu. Herri barnako ibilbidea  egin ondoren amaiera ekitaldiari ekin diogu. BI martxetako partaideek hitza hartu dute eta datozen deialdien berri eman da. Bizi martxa finantzatzeko bizikleta baten zozketa burutu da arabar emakume bati egokitu zaiolarik.

Martxa honen bidez indartuta eta argudioz beteta atera da AHTaren aurkako borroka.

Etiquetas: