Bidasoko 170 emakumetik goiti errepresioa bizi izan dute 36ko altxamenduaren ostean eta Frankismoaren lehen aroan

Rueda prensa Kepa Ordoki Memoria Historikoa BidasoanKepa Ordoki MHB elkarteakAbuztuaren 15ean omenaldia egingo zaio emakume errepresaliatuari Pikoketan Errepresio kasu ezberdinak web gune batean egongo dira kontsultagai “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” dibulgazio proiektuan emakumeak jasandako 171 errepresio kasuri zabalpena emango dio Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Fusilaketak, atxiloketak, erbestea edota jazarpen ideologikoa bizi izan zuen emakumeak 1936 eta 1945 urteen artean Bidasoan.

Esaterako, Pilar Valles Vicuña eta Mercedes Lopez Cotarelo 16 eta 17 urteko gazteak izan ziren lehen emakume fusilatuak Bidasoan. Bi emakume hauek 1936ko abuztuaren 11an alderdi komunistako hainbat kide, karabinero eta beste boluntarioekin Pikoketako puntuaren zaintza lanetan zeudela ezustean jaso zuten faxisten erasoa. Ezin izan zuten ihes egin eta hainbat iturriren arabera, Beorlegui koronelaren agindu pertsonalaz fusilatu zituzten Valles, Lopez eta burkideak.

Gerora, fronteak aurrera egin ahala eta tokiko faxistek boterea hartu zutenean, Bidasoko bizilagun susmagarrien zerrendak erredaktatu ziren. Abertzalea, Abertzale Ekintzako militantea edo Fronte Popularraren aldekoa izate hutsagatik seinalatuak. Adibidez, Hondarribiko arrantzaleen kofradiako tabernaren arduradunak, Vda de Vidal zerrendan jartzen duenez, “erregimenarekin bat ez egiteagatik ez du postuan jarraitu behar”, leporatu zuten faxistek.

Sententzien bidez ere emakumeak errepresioa bizi izan du Bidasoan. Gabriela Duinat Lasak,

abertzalea izan eta erbestean egon izanagatik, 500 pezetako isuna jaso zuen. Aipagarria da ere Guillerma Sarasola Aranbururen kasua. 2500 pezetako zorra ezarri zioten familiarekin erbesteratzeagatik eta Rosasen, bonbardaketa batean, hildako senarraren “erantzukizun politikoagatik”.

Rueda prensa Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan87 emakume atxilotu ere identifikatu ditu elkarteak. Eskualdeko emakume atxilotuen gehiengoa Ondarretan egon arren, Saturraranera bidali zituzten Galdames ontzian atxiloturiko emakumeak: Luisa Vazquez Zugasti, Orosia Ordoki Vazquez edota Dominica Ordoki Vazquez, hirurak Kepa Ordokiren senideak. Guztiz deigarria da Dominica eta Orosiaren amari leporatutakoa: “cuya vida privada ha sido causa de la perdición de sus hijas una de las cuales fue presidenta del Socorro Rojo y amante de uno de los mayores asesinos de la ciudad fronteriza” eta Orosia Ordokik, Socorro Rojoko lehendakaria izandakoak, Palma de Malllorcako espetxean zazpi urteko atxilotzea burutu zuen. Bertan, bitan simulatu zuten bere fusilamendua. Erbesteratuak ere aintzat hartzen ditu proiektuak. Garrantzizko helmugak izan ziren Bartzelona eta Katalunia. Generalitatateak hamarnaka errefuxiatu jaso zituen Poble Espanyol eta Monjuiceko estadio olinpikoan.

Hala ere, 1938an, frontea Bartzelonara gerturatzen zen heinean, errefuxiatuak Frantziar Estatura itzuli ziren eta bertatik Bidasoko bizilagun asko euren jatorrira. Muga pasata hasi ziren errefuxiatu hauen sufrikario eta errepresioak: Atxilotze guneak, burlak, tratu txarrak edota bazterketa.

Web gunea

Proiektuaren bitartez, emakumeak Faxismoaren ondorioz bizitako errepresio kasuak iturri anitzetatik (liburuak, artxibategiak, elkarrizketak...) jaso eta zabalpen estandarizatua izango dute, kontsultarako baliatu daitekeen webgune batean: “oroimen historikoa gizarteratzeko, eta emakumeak jasandako errepresio kasuei zabalpen handiagoa emateko, aproposa ikusi dugu kontsultarako eta bilaketak egiteko web gune bat eratzea”.

Kasu berriak eransteko edota zuzenketak egiteko eskaera ere zabaldu du Kepa Ordoki MHB elkarteak. Honetarako, webguneak elkartearekin harremanetan jartzeko zati bat izango du. Abuztu hasieran egongo da bisitagai eta elkarteak sare sozialen bitartez zein ohiko hedabideetan emango du estreinaldiaren berri. Aldez aurretik kontaktuan jartzeko, kepaordokimhb@gmail.com helbide elektronikora jo daiteke.

Emakume errepresaliatuei omenaldia

Abuztuaren 15ean, elkarteak proiektuan identifikaturiko emakume guztiei omenaldia eskainiko die Pikoketan (Oiartzun), eguerdiko 12.00etan. Omenaldi sinplea baina esanahi handikoa izango da: “urte luzez albo batean egon da emakumeak jasandako errepresioa. Idatzizko iturrietara joaz, errepresioa jasan duten 170 emakume topatu ditugu. Idatzi gabe dagoena, bortitzagoa izan daitekeela, uste dugu. Omenaldira gonbidatua dago emakume hauen aldarrikapenean sinesten duen oro. Izan ere, oroimenaren etsaia isiltasuna da, ez denbora”.

Etiquetas: