Abotsanitzek zergen jaitsiera proposatuko du

Abotsanitz Udal Taldeko zinegotziak

Abotsanitz.- Abotsanitz Udal Taldeak udal tasa eta zergen jaitsiera aldarrikatuko du urriko ohiko osoko bilkuran. Covid-19aren pandemiak eragindako atzeraldi ekonomikoaren eraginez KPIaren jaitsiera aurreikusi da. Hori horrela, udal zergak gutxienez indize horren jaitsiera adina murriztea eskatuko du Abotsanitzek. Hortik gorako edozer, herritarrentzat zergak igotzea suposatuko luke, eta egungo egoeran onartezina litzateke.

Koronabirusak eragin izugarria izan du modu globalean. Covid-19ak tsunami itxurako larrialdi egoera bat eragin zuen urte hasieran eta urtea amaitzeko bidean gauden honetan, itsasoa ez da baretu. Oraindik behera dator olatua. Hondarribiko gizarteak eta ekonomiak jasan duten kolpea izugarria izaten ari da. Pertsona ugari gaixotu eta gaixotuko da, ia guztiok bizitu dugu itxialdia eta horrek, besteak beste, haur eta menpeko pertsonen zaintza lanak asko zaildu ditu, langabezia tasa igo egin da, langile asko ERTE egoeran dago, lantegi gehienek inoiz ezagutu gabeko fakturazio jaitsiera izan dute…

Datozen hilabeteetako aurreikuspen sozio-ekonomikoak kontuan izanik, Hondarribiko Udalak arduraz jokatu eta herritarrak babestu behar ditu. Gogoratu behar dugu udal soberakina 55 miloi eurokoa dela, eta diru hori pilatu dela aurreko urteotako zergak ez direlako erabili. Horregatik, Abotsanitz Udal Taldeak ez du onartuko KPIaren jaitsieraren adinakoa jaistea aintzat hartzen ez duen proposamenik.

Etiquetas: