Tiroz botatako hegazti babestu berri bat, aztore bat, hilik aurkitu dute Hondarribian

imagen

EGUZKI Talde Ekologista eta Antinuklearra.- Tiroz botatako hegazti babestu baten kasu berri bat salatu du Eguzkik Fiskaltzan, atxikitako argazkian ageri den aztorearen kasua, hain zuzen. Azaroaren 13an aurkitu zuten Jaitzubian, Jaizkibelpean, Hondarribiko udalerrian.

Hau da ehiza-denboraldi honetan Eguzkik Gipuzkoan ezagutu duen honelako bosgarren kasua. Izan ere, urriaren 6an arrano txiki bat (Hieraetus pennatus) aurkitu zuten Errezilen; 16an, elanio urdin bat (Elanus caeruleus) Seguran; 24an, belatz handi bat (Falco peregrinus) Jaizkibelen, eta 27an, gabirai bat (Accipiter nisus) Usurbilen.

Nabarmendu nahi dugu aztorea ez dela ehiza-denboraldi honetan tiroz bota duten bosgarren hegazti babestua, baizik eta Eguzkik ezagutu duen bosgarrena. Hau da, Eguzki kasu bakan batzuk ezagutzera (eta ezagutaraztera) baino ez da iristen. Izan ere, lehengoan jakin genuen tiroz botatako 33 hegazti artatu zituztela iaz Igeldoko Arrano Etxean, horietatik 21 babestuak edo ez ehizagarriak. Horien artean, hiru sai arre (Gyps fulvus). Halaber, kontuan izan behar da Arrano Etxera iristen den hegazti kopurua, handia izanda ere, icebergaren tontorra baino ez dela, pentsatzekoa baita botatako hegazti asko jasoko dituztela tiro egiten dietenek (ezkutatzeko, disekatzeko edo auskalo zertarako) eta beste asko sasi artean galduko direla.

Alegia, ez dira inolaz ere “kasu bakan edo isolatuak”. Hemen arazo kroniko bat dago, Aldundiak, alor honetan eskumenak dituen administrazio nagusiak, orain arte behar bezala tratatu ez duena. Horregatik poztu ginen lehengoan Jaizkibelgo hainbat ehiza-postu itxiarazi zituelako, postu horien inguruetan belatz bat tiroz bota ondoren (eta, esan dezagun bide batez, Eguzkik Fiskaltzan salaketak jarri ondoren). Alabaina, orduan esan genuen bezala, ikusteko dago momentuzko erreakzioa izan zen, urrian kasuak pilatu zirelako, edo benetan Aldundiaren politika berri baten abiapuntua den. Berandu baino lehen ikusiko dugu. Bide batez, eta Jaizkibeli dagokionez, Eguzkik ehiza-postuen inguruko hainbat txosten eskatu ditu: Eguzkik Jaizkibeleko ehiza-postuen egoerari buruzko txostena eskatu die hiru udalei.

Behar bezainbeste aldiz errepikatuko dugu babestutako hegazti bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako ustezko delitua dela, kartzela-zigorra ere ekar dezakeena. Egia da normalean delitugileak identifikatzea ez dela erraza izaten. Baina, hala eta gutztiz ere, arazo hau bistaratu egin behar da, ez dira kasu bakanak, ezta pentsatu ere, arazo kronikoa da, biodibertsitatean ondorio latzak dituena.

Etiquetas: