Gernika eta Irun, matxinatuek bonbardaturiko bi herri

irudia

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan.- Behe Bidasoa 1936ko irailaren 5ean gelditu zen matxinatuen esku. Aurten, 86 urte beteko dira Irun eta Hondarribia indarkeriaz hartu zirela. Eskualdearen kontrola eskuratu ahal izateko, ezinbestekoak izan ziren, jarraian, abuztuak 23 eta irailak 4 artean gauzatu ziren bonbardaketak. Jazoera historiko honen oroitzapena, Gernika Batzordearekin batera burutuko da, oroimen jardunaldi baten bitartez.

Irailak 1ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Irungo Palmera Montero guneko 5. gelan. Bertan, Gernika eta Irungo bonbardaketei buruzko azalpenak eskainiko dira, Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopioa eraikitzen dokumentala eskaini aurretik.

1937ko apirilak 26an, Euskal Herriak jasandako bonbardaketarik bortitzenak pairatu zituen Gernikak. 1654 lagun baina gehiago hil ziren, Jaurlaritzak egindako txosten baten arabera. Nahiz eta, hondakinen azpian eta erietxeetan hildako pertsona asko kontatu gabe gelditu. Francisco Francok agindu eta onarturiko bonbardaketak herriko eraikuntzen %85a deuseztatu zituen. Condor Legioak “izua zabaltzeko gerra esperimentua” burutu zuen, biktima kopuru handi eta hondamen material zabalarekin. George Steer kazetariak hainbat fasetan burutu zen bonbardaketari “heriotzaren erritmoa” deitu zion. Lehenik eta behin, jendea babeslekuetara bidaltzeko, herria ekialdetik erasotu zen, babeslekuen inguruan 40 – 46 tona bonba jaurtitzeko. Estrategikoki, ur-depositua ere bonbardatu zen, sua itzaltzeko urik ez izateko. 45 minutuko etenaren ostean, bizilagunak kalteturiko lekuetara bertaratzeko tartean, 32 – 33 hegazkinek Gernikatik atera nahi zuten oro metrailatu zuten, eta hogeita bat Ju-52 hegazkin pisutsuk etxeen aurkako bonba leherkorrak bota zituzten. Azken fasean, Gernika sutan zegoelarik, bertatik ihes egin nahi zuen oro metrailatu zen, herria suzko eraztun bat bilakatuz.

Ezin baduzu bideoa ikusi, egin klik hemen instantzia berri bat bilatzeko

Atlas de Bombardeos en Euskadi” ikerlanaren arabera, Behe Bidasoa ere bonbardatua izan zen. Matxinatuek 34 eraso gauzatu zituzten. Gunerik erasotuena Irungo hirigunea izan zen, izua ezartzeko helburuarekin. Eskualdea bonbardatzeko, matxinatuek Breguet 19 bonba-jaurtitzailea, Fokker F-VII trimotoreak eta Junkers Ju52 hegazkinak baliatu zituzten. Hauetaz gain, itsasoz, Almirante Cervera, Acorazado España eta Canarias kruzeroa eskualdeko uretan egon ziren.

Aireko eraso bortitzenak abuztuak 26 eta 29 artean gauzatu ziren. Hala ere, ikerketak ziurtatu du, Gabino Gomez Hernandez eta Julian Regulez Torrea komisarioek 1936an baieztatu moduan, irailak 4an su bonbak erabili zirela eta Irungo pospolo fabrikako sutea, matxinatuen bonbardaketen ondorioz hasi zela.

Amankomuneko gezurrak

Gernika eta Irunek amankomunean dute bonbardaketen ostean, gezurraren inposizioa. Sevillako ABC egunkariak, 1936ko irailak 29an, “casas del centro de la población incendiadas por los rojos” idatzi zuen moduan, mantxeta berdinak “los separatistas los que han incendiado Guernica, con una morosa perversidad de sacrílegos” idatzi zuen, Gernikako bonbardaketaren ostean.

Xabier Irujo historialariak, NAIZ irratian, berretsi zuen, “ankerkeria baten atzetik beti dator gezurra. Konsubstantziala da, gehiegikeria eta krimenarekin (…) hori bera esan zuten beste toki askotan. Gauza bera gertatu zen Mungian, Irunen eta Eibarren. Oraindik errepikatzen diren gauzak dira: “Eibar – Irun fue incendiada por los rojos en retirada”. Hori ez da egia”.

45 urteko herri memoria

Gernika Batzordeak diktadura garaitik gaurdainoko bilakaera du. Epe honetan, lehen ekintzetako bat izan zen 1987ko apirilaren 26ko arratsaldean gauzatu zen “Gernikaren egia” izeneko mahai ingurua, Gernikako bonbardaketaren baitako gezurrak deuseztatzeko ekintza. Orduz geroztik, bonbek txikitutako bizitzak eta bizipen zatiak batzen lan egin du batzordeak, 45 urteko herri memoria eraikiz. Taldearen esanetan, “momentu historiko bakoitzaren zerbitzura jarri eta beti gatazka politikoen aurrean soluzioak bilatu asmoz”. Ibilbide hau kontatzeko asmoz sortu da Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopioa eraikitzen dokumentala.

2020ko udan batzordearen partaide izandako hainbat kide elkarrizketatu zituzten Foruko Haitz Biribil elkartean, haien ahotsetik 45 urte hauetan egindako lana zuzenean jasotzeko. Guztira 25 bat lagunek parte hartu dute dokumentala osatzen duten elkarrizketetan. Elkarteko kideez gain, belaunaldi eta eremu ezberdinetako pertsonak agertuko dira.

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, gernikarrek buruturiko lana eredutzat hartuta, oroimen jardunaldia antolatu dute heldu den irailak 1ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Irungo Palmera Montero guneko 5. gelan. Bertan, Gernika eta Irungo bonbardaketei buruzko azalpenak eskainiko dira, Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopioa eraikitzen dokumentala eskaini aurretik.

kartela

Etiquetas: