AROA Euskara Plana (2025-2029) hobetzeko partaidetza prozesua

Euskaraldia

Aski Da!.- Maiatzaren 12tik ekainaren 9ra udalak proposatu dituen lau partaidetza saioetan parte hartuko du Aski Da! kolektiboak. Udalaren proposamenak kolektiboaren hasierako eskaerak asetzen ez dituen arren, Irungo Udalak «egindako irekidura ariketa» baikorki baloratzen dugu, eta balorazioak hau amaitutakoan egingo ditugu. Aurrerantzean ere, etorkizuneko plangintza berrien lanketarako Euskara Mahaia edo Jarraipen Batzordea eratzeko beharra oroitarazten diogu udalari, agertu duen borondate berria, horretan gera ez dadin eskatuz.

Aski Da! Irunen bizi nahi dugu kolektibotik udal agintarien hainbat konpromiso lortu genituen joan den otsailaren 12an egindako aurreneko bileran. 2024ko abenduaren 4an gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez egin izanak irundarrak asaldatu zituen, eta gabonetako txinparta hartatik hona kolektiboko kideok udalak antolatutako hainbat Euskara Aholku Batzordetan parte hartu dugu.

Zentzu honetan, euskarak udalaren partetik historikoki jasan duen trataera eta begirune falta aldatu nahian, irundarron hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera Irunen suspertzeko, Euskara Plan Estrategiko berria modu parte-hartzailean lantzeko proposamena luzatu genion udalari.

Era berean, euskararen normalizazioari dagokionez, aldarrikatu beharrik ez genukeen udal ordenantza bete dadin ere exijitu dugu hainbatetan.

Oraindik ere hutsune handiak daude udal administrazioan, eta kezkaturik gaude, arau-hauste ugari identifikatu ditugulako 2025 honetan bertan, udalak bere eguneroko jardunean irundarron hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituelako.

Hau esanda, Aski Da! kolektibotik baikorki baloratzen dugu azken hilabetetan Euskara arloko zinegotzi losu Iguiñizek eragileen kezkak eta nahiak bideratzeko agertu duen prestutasuna eta konpromisoa. Haatik, 2025-2029 AROA Euskara Plan berria osatua zuen udalak kolektiboarekin hitz egitera eseri orduko. Baina udalbatzak berretsi behar duen dokumentua izanik, udal ordezkariak euskal eragileon ekarpenak jaso ahal izateko udalak aurreikusia ez zuen partaidetza prozesu bat abian jarri du maiatza honetan, dagoeneko egina dagoen plana hobetzeko aukera eman asmoz.

Proposamen honek ez ditu Aski Da! kolektiboak hasieran egindako eskaerak asetzen, baina administrazioaren erritmoak zeintzuk diren ulertuta, eta Irungo Udalaren hizkuntza politikaren garapenean inoiz egin ez duen urratsa dela onartuta, bertan parte hartzeko erabakia hartu dugu Aski Da! kolektiboko kideok.

Euskara udal ordezkariak berak aitortu du komunikabideetan, «euskararen egoera Irunen ez dela ona». Eta euskararen erabilera hobetzeko edota euskal hiztunon eskubideak bermatze aldera, ahalegin guztiak gutxi direla jabetuta gaude. Beraz, eraikigarriak diren prozesuetan elkarlanean aritzeko gure borondate osoa berretsi nahi dugu. Alabaina, eragileok boluntarioak garen heinean, eta planteatutako egutegiaren malgutasun faltaren aurrean, estu eta larri BIKO gara abagune honek merezi duen eta nahi genukeen bezala parte hartu ahal izateko. Hilaren 12, 19, 26 eta ekainaren 9an aurrera eramango den partaidetza saioen emaitza, aldiz, prozesua amaitutakoan baloratuko du Aski Da! kolektiboak, eta ez lehenago.

Ohartarazi nahi dugu, bestalde, eragileen ekarpenak aintzat hartu ditzakeen Euskara Plana izango bada ere, Euskara Plan berria ez dela inolaz ere prozesu parte-hartzaile baten emaitza izango. Funtsean, gurea egiten ez dugun diagnostiko batetan oinarrituta, egina aurkezten zaigun plan baten gainean aldaketak edo hobekuntzak era mugatuan egiteko aukera besterik ez dugulako.

Dena den, aurrerapauso nabarmena da udalak eman duena oraingo honetan. Badirudi, euskararen egoera zuzentzeko tokiko administrazioak herritarrekin eta eragileekin elkarlana ezinbestekoa duela ohartu dela behingoz. Horrexegatik, datozen asteetan landuko dugun AROA Euskara Plan berria 2025-2029 urtaldirako bada ere, hau behin onartutakoan eta aurrerantzean ere, honen garapena zein etorkizuneko plangintza berrien lanketarako Euskara Mahaia edo Jarraipen Batzordea eratzeko beharra oroitarazten diogu udalari. Baita hilabeteotan agertu duen borondate berria, horretan gera ez dadin eskatu ere.

Etiquetas: