ELAk gogor salatu du enpresak hitzarmenaren negoziaketa edukiz hustu izana eta abendurako greba egun berriak deituko dituztela iragarri du

Concnetración frente a las Oficinas de Txinzer

ELA Sindikatua.- Irun eta Hondarribiko urak eta hondakinak kudeatzen dituen Txingudiko Zerbitzuak enpresako langileen greba astea jarraipen zabala izaten ari dela jakinarazi du ELA sindikatuak.

Uda aurretik Irun eta Hondarribiako Udalentzat Urak eta Hondakinak kudeatzen dituen Txingudiko Zerbitzuak enpresako langileak mobilizazioak abitu zituzten enpresa hitzarmenaren negoziaketa oztopatu eta blokeatzen ari delako.

Langileek azken urteetan izandako eros ahalmenaren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen, telelana, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea bezalako aldarrikapenak jarri dituzte mahai gainean besteak beste.

ELAk salatu du enpresaren jarrera hasieratik negoziaketa atzeratu eta oztopatzekoa izan dela eta ekainaren 13ko azken mahai negoziatzailean gertatutakoa oso larritzat jotzen du. Izan ere, enpresak negoziaketa edukiz hustu zuen Administrazio Kontseiluak ezarritako irizpideak aitzakiatzat hartuta soldata bezalako gai estruktural eta garrantzitsuak, negoziazio esparru horretatik ateraz.

Enpresak Udalhitz edota Irungo Udaleko akordio ezberdinak erreferentziatzat dituela behin eta berriro esan arren errealitatea bestelakoa da, Txingudiko Zerbitzuakeko langileen soldatak Irungo Udaleko soldatetatik oso urrun baitaude.

Honen aurrean, Txingudiko Zerbitzuakeko langileak grebara joan beste irtenbiderik ez dute izan. Urriaren 31n eta azaroaren 5ean 2 orduko lanuzteak eta azaroaren 10ean egun osoko greba egin ondoren negoziazio errealik gabe jarraitzen dutela ikusita aste osoko greba deitu du ELAk. Greba jarraipen zabala izaten ari da eta hainbat mobilizazio burutu dituzte negoziaketa desblokeatu eta beren lan baldintzak hobetzeko. Astelehenean enpresaren aurrean egin zuten mobilizazioa, atzo asanblada egin zuten, gaur Irun eta Hondarribin zehar kotxe karabana egin dute eta 11etan elkarretaratzea Irungo Jendaurreko Arreta Bulegoaren aurrean. Bihar Hondarribin burutuko dute mobilizazioa Abotsanitzen bulegoaren aurrean eta ostiralean Irungo Udalaren aurrean.

ELAk langileekiko errespetuz eta arduraz jokatu eta edukiz betetako negoziaketa zintzo bat aurrera eramateko exigitzen dio enpresari eta Irun eta Hondarribiko Udalei zentzu honetan bultzatzeko. Horretarako greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du Txingudiko Zerbitzuakeko langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortu arte. Zentzu horretan, abendua eta urtarrilera begira greba egun berriak deituko dituztela iragarri dute eta erantzunik ezean greba eta mobilizazioak areagortzen joango dira.

Etiquetas: