Emeki emakume elkartea.- Emeki emakume elkartearen izenean zuekin harremanetan jartzen gara datorren otsailaren 14rako antolatu den Mairuak Baserriz Baserri ekintzan parte hartzeko gonbidapena luzatzeko. Etxeko trapu eta zaku zaharrekin baserriz baserri eskean eta dantzan ibiliko gara.
Mairuak ohitura 36ko gerra ondoren Hondarribian galdu zen. Hala ere, Leinenea baserriko Zelestina Miranda Bengoecheak jarraitu zuen urtez urte ixilean. Ohitura honi jarraipena eman zioten Emekiko partaide batzuk 1992an.
Eten luze baten ondoren 2019an berreskuratu zen eta arrakasta handia izan zuenez geroztik urtero Emekitik antolatzen ditugu Mairuak.
EGITARAUA:
- Goizeko 10:00etan Kanping Jaizkibeletik abiatuko gara.
- Orotara 15 baserri inguru bisitatuko ditugu: Akartegi, Zemizarga eta Montaña auzoetan.
- Ibilbide osoan zehar trikitilariak izango ditugu bidelagun.
- Baserri batetik bestera joateko kotxeak eramango dira haur txikientzat edota adineko pertsonentzat.
- 12:00ak aldera Emekiko bazkide batzuk prestatutako hamaiketakoa eskainiko da parte hartzaile guztientzat baserri batean.
- 14:00etan Arroka Berri jatetxean amaiera emango zaio ekintzari.
- Azkenik, jasotako puskekin bazkaria egingo da Kanping Jaizkibelean, egunean bertan bideratuko dira izen-emateak.
Animatu eta etorri gurekin Mairuak jaira!


