Greba orokorraren balorazio positiboa egin du pentsiodunen mugimenduak

17M Greba Orokorra

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua.- EHPMek oso positibotzat jotzen dugu martxoaren 17an langileak, gazteak eta pentsiodunak mobilizatzea, EAEn eta Nafarroan Greba Orokorraren deialdia dela eta, 1.500 euro gordineko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa eskatzeko 14 ordainsaritan.

Patronalek negoziatzeari uko egin eta EAEko Legebiltzarrean HELri betoa jarri ondoren, Greba Orokorrak bultzada berriak eman dizkio langile guztiek bizi baldintza duinak lortzeko eta genero arrakalarekin amaitzeko funtsezko aldarrikapenari.

Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da gobernuek neurri eraginkorrak hartzea aberastasuna ekitatiboki banatzeko, eta Greba Orokorra aurrerapauso bat izan da, eta askoz gehiago egin beharko dira hori lortzeko.

Ostiralean, hilak 20, Estatuko Gobernu Kontseiluak bi Errege Lege Dekretu onartu ditu, bata Trumek eta Netanyahuk eragindako gerraren ondorioei aurre egiteko neurri fiskal eta ekonomikoekin, eta bestea etxebizitzaren arlokoa.

Lehen Errege Lege Dekretuari dagokionez, neurri batzuek pertsona ahulenen bizibaldintzak hobetzen dituztela baloratzen dugu, baina uste dugu neurri horiek nahikotasun mailara ez direla heltzen, eta neurri fiskalekin batera doazela, eta, beldur gara, neurri fiskal horiek gaur egun energiaren eta elikagaien prezioekin espekulatzen ari direnen poltsikoak loditzen amaituko dutela. Enpresa handi, finantzario eta energetikoek urte asko daramatzate ordaindu behar dutena baino zerga gutxiago ordaintzen, eta urtez urte mozkin errekorrak dituzte.

2025ean banku handiak 34.000 milioi euroko irabaziak izan zituen eta energia enpresek 12.405 milioi eurokoak. Bi sektoreen artean 13.300 milioi euro ordaindu behar zituzten Sozietateen Zergan, baina 2.882 milioi euro baino ez zituzten ordaindu. %6,8 eta %4,6 baino ez zuten ordaindu, hurrenez hurren, Sozietate Zerga gisa, %30 eta %25 ordaindu beharko luketenean, hurrenez hurren. Bi sektore horiek SZn ekarpena egiteari uzten diotenak, ezkutu sozialak suposatzen duen 5.000 milioi euroko kopurua bikoizten du.

EHPMtik eskatzen dugu, neurri koiunturalez gain, erabaki estrukturalak hartzea aberastasuna modu ekitatiboan banatzeko, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata eta Gutxieneko Pentsio nahikoa ezartzetik hasita, langileei bizi Baldintza duinak bermatzeko.

Nahikoa baliabide dago hori egin ahal izateko. Hemen eta orain EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu Pentsio Minimoak osatzea lanbide arteko gutxieneko soldatarekin (LGS) parekatu arte. Horixe litzateke EAEn eta Nafarroan izen hori merezi duen ezkutu sozial baten ezinbesteko neurrietako bat. Gaur egun gure aldarrikapenak lortzea inoiz baino beharrezkoagoa eta premiazkoagoa da, eta gaur inoiz baino gehiago hori lortzeko borrokatzeko borondatea adierazten dugu.

Aberatsenek indartsuenaren legea ezarri duten nazioarteko testuinguru honetan, aurrekontu publikoetan gastu militarra ezabatzea eta gerrak amaitzea ere eskatzen dugu.

Etiquetas: