Dokumentala Kabigorrin: Una historia oculta

Non: 
Kabigorri
Data: 
Osteguna, Maiatza 29, 2025 - 19:30

Cartel Una historia oculta

'Ezkutuan zegoen historia' dokumentala Maria Josefa Sanzberro Etxeberriaren bizitza oinarri hartuta, Errenteriako La ilusión kultur taldeak egindako ikerketa lanaren emaitza da.

Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako euskaldunen gaia jorratu eta erakusten du La ilusion kultur taldeak landutako ikus-entzunezkoak: Maria Josefa Sanzberro Etxeberriaren bizitza zehazki.

Bigarren Mundu Gerran, frantziar erresistentziarekin konprometitutako emakumea izan zen Sanzberro. Oiartzuarra zen jaiotzez, baina 1919. urtean, bere familiarekin Bidasoa gurutzatuta, Senperera joan zen bizitzera, "bizitza berri baten bila" – Hamarkada batzuk geroago, Francoren garaipenarekin eta Errepublikaren porrotarekin, milaka euskal herritarrek alde egin behar izan zuten erbestera, eta horiek guztiak Sanzberrok egindako bide beretik zeharkatu zuten Frantziako muga–. Bertan, 1938. urtean, Pierre Nicolasekin ezkondu zen; Santinazioko Lepoan zegoen Collado de San Ignacio hotelaren jabea zen, eta bertako langilea zen Sanzberro. Dokumentalean ikus daiteke baita ere, Alemaniako naziek 1940. urtean Frantzia inbaditu zutenean (Belgika eta Herbeherekin batera), Sarara iritsi (Santinazioko Lepoan kokatu ziren, Nafarroako mugan), hain zuzen ere, Maria Josefaren ostatu ondoan.

Erresistentzia sareetako partaide

Irudiek aurrera egin ahala, off ahots batek kontatzen du gero nola Maria Josefak, bere alababitxi Marie-Jeannerekin batera, zenbait erresistentzia saretan parte hartu zuela 1940. urtetik aurrera; hala nola, Democratie, Cométe, ORA, Tartane-Masséna eta Nivelle de Bidasoa-n aritu zen. Bere zeregina aliatuei informazioa helaraztea, horiei ostatu ematea, eta oilategi batean dokumentuak ezkutatzea izan zen.

Zeregin horietan aritu zen, 1944. urtean atxilotu zuten arte. Ikus-entzunezkoak kontatzen du Sarako udaletxeko funtzionario baten salaketa baten ondorioz atzeman zutela. Horrela, Hendaiara eraman zuten, alababitxiarekin batera, lehenik, eta, Fort du Hâ-ra, Bordelera gero. Handik, Alemaniako Dachau kontzentrazio eremura lekualdatu zituzten, eta, gero. Ravensbrück-eko emakumeenera, 1944ko abuztuaren 30ean.

Bertan, bi senideak elkarrengandik bereizi zituztela azaltzen du dokumentalak, eta, Sanzberro kanpo lanak (karga eta deskarga lanak, besteak beste)egiten eduki zutela. Sanzberrok, egokitutako lan horiek egiten ari zela, ihes egin zuen, baina urte bereko irailean, berriz ere atzeman zuten eta aipatu kontzentrazio esparru berera eraman. Ihes egitearen ondorioz, ordea, zigor gisa, Sachsenhausen-eko kontzentrazio eremura eraman zuten. Han hil zen 1944. urteko azaroaren 13an.

Etiquetak: