Zaldunborda proiektuaren egoeraren balorazioa

Zaldunborda plataformaren logoaZaldunborda Gelditu Plataforma.- Ikusita zein izan den Hondarribiko alkatearen zein bera eusten duen EAJ-PNV alderdiaren jarrera, bai aurreko ostegunean, hilearen 19an, izandako udal bilkuran, zein hurrengo egunean alkateak berak emandako prentsaurrekoan, argi gelditzen da alkateak eta bere alderdiak Zaldunbordako makro outlearen proiektu itzel eta zentzugabekoaren aldeko apustu irmoa egiten dutela.

Beste behin, Sagarzazu jaunak ez zuen hondarribitar guztien alkatea izan nahi; beste behin, gainontzeko alderdiekiko eta alderdi horiek ordezkatzen dituzten hondarribitarrekiko mespretxua azaldu zuen alkateak. Eta horretaz ari garela, gogoratu beharra dago hautesle gehiago direla, EAJ-renak baino. Guk jarrera hori salatu nahi dugu, demokratikoa ez delako.

Beste behin, garbi utzi dute, herritarren gogoz kontra bada ere, aurrera segituko dutela Zaldunbordako makro outlet-aren proiektuarekin, izaera urbanistikoko ez betetzeak babesten eta justifikatzen jarraitu behar badute ere.

Garbi dago alkateak eta bere alderdiak ez dute ondo pentsatu proiektuak ekarriko dituen zorigaiztoko ondorioak. Eta pentsatu badute, orduan ez zaie axola ... Ez zaie axola proiektuaren kostu sozioekonomiko latza; ez zaie axola proiektuak sortzen duen ingurumen-inpaktua, kontuan harturik duela gutxi Gasteizko Legebiltzarrak erkidegoaren “emergentzia klimatikoa” aitortu badu ere.

Hondarribiko alkateak hartutako erabakia larria da, udalerriko eremua gainditzen duelako (proiektuaren txostenak horrela esplizitatzen du eta). Beraz, ulertzekoa da inguruko herrietan sortutako alarma eta ondorengo gaitzespena, herriz herri, udal bilkura desberdinetan, ea aho batez onartzen ari diren mozioak lekukoak izanik.

Alkate jauna ezin da desenkusatu besteek ere “egin dutela” argudio sinplistarekin. Baliteke aipatutako beste horiek gaizki egina izana hainbatetan, ziur baietz … baina gure betebeharrak, eta alkatearenak ere, etorkizunari begiratzea izan behar du; eta beraz, iraganean beste batzuek bete izandako akatsak berriz ez errepikatzea. Eta aipatzen ari garen etorkizuna, hiritarrek nahi duten etorkizun hori, ezin da eraiki tranpak eginez … Hori ez baita ZINTZOA izatea.

Zintzo eta etikoa bai dela alakateak, Jaikibeli buruz, 2014an, sinatu zuen hau: “… azpiegitura handiak eraikitzea, lurraren erabilera desegokiak eta balioak ez ezagutzea bertako aberastasun naturalerako mehatxuak dira. Hori dela eta, aldarrikatu behar dugu gizakiaren garapenak ondare oro zaintzea izan behar duela oinarri. Badakit Jaizkibel kontserbatzeko eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko konpromisoa dugula...”.

“Zaldunborda gelditu” hiritar plataformak bat egiten du hitz horiekin, izan ere, hitz horiek bai ordezkatzen dutela hiritar gehienek pentsatzen dutena. Hitz horiek bai islatzen dutela gehienok partekatzen duguna: ingurumenarekin arduratsua, sozialki jasangarria eta hurrengo belaunaldietarako duina izango den etorkizuna, hain zuzen ere.

Eta Zaldunbordako etorkizuna hori izango ez den bitartean alkate jaunak eta berak ohoratzen duen enpresen sareak parean izango gaituzte hiritarrok, plataforma honetan. Hiritarrok gogoeta egin dezala eskatzen diogu alkate jaunari, sentibera izan dadila sortzen ari den haserrearen aurrean, arduratsu aritu dezala, eta ez dezala historiara pasatzeko arriskua izan, Txingudi – Donostia korridorearen eraispen sozio-ekonomiko eta paisajistikoan, aktiboki lagundu zuen alkate hura moduan.

Zaldunborda gelditu” plataformak kalteturik izan daitezkeen herritarren aurrean pedagogia egiten jarraituko du, herriz herri, auzoz auzo. Atxikimenduak jasotzen jarraituko dugu. Guk gizarte-, ekonomia- eta politika-eragile desberdinekin, edota erreferente instituzionalekin biltzen jarraituko dugu; eta ongi azalduko diegu Zaldunbordako makro outlet-aren proiektua zergatik den lasterketa eroa eta zentzugabea, zergatik den gutxi batzuen interesak defendatzen dituen baina aurrez aurre gure etorkizunari erasotzen dion proiektua.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.