Zaintzearen muga

Argazkia: Gari Garaialde

Gari Garaialde. Hitza.- Bertsio ofizialak dio zaintzeko daudela. Abdoulaye Bidasoa ibaia igaro nahian ito zenean instituzioek kezka adierazi nahi izan zuten eta ’Halakorik berriro ez gertatzeko’ haien eskura omen dauden baliabideak jarri zituzten. Guardia Civilaren patruilak dabiltza, geroztik, Bidasoaren alde honetan, errekari so, bazterrrak miatzen, zubipean begiratzen. ‘Halakorik berriro gertatu ez dadin’ ari dira zaintzen.

Baina ez da gauza bera jendea zaintzea, muga zaintzea eta jendeak muga gurutzatu ez dezan zaintzea. Ez da gauza bera jendea zaintzea eta jendea zaintzea. Amak zaindu egiten gaitu, gerizatu, babestu. Poliziek zaindu egiten gaituzte, behatu, zelatatu. Maiteak minik hartu ez dezagun zaintzen gaitu; poliziek, aldiz, legerik puskatu ez dezagun.

Muga zaintzen dute poliziek, inork ez dezan baimenik gabe hura zeharkatu, inork ez ditzan mugak bortxatu; hori da haien egitekoa. Abdoulayek muga zeharkatu nahi zuen, inor zauritu gabe, berak minik hartu gabe. Abdoulayek bere burua zaindu behar zuen, beste inork zaindu ez zuelako. Horregatik jo zuen Bidasoan gora, inork zaintzen ez zuen pasabide baten bila.

Zaindu ez genituelako aukeratu zuten, ere, gauez inork zaintzen ez duen trenbidea.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.