OTSAILAK 14 San Valentin "Kupidori tiro"

San Valentin. Gazteriaren zati handi batek antsietatez bizi omen duen eguna da. Bikote gabe igaroko dutelako batzuek, zer oparitu ez dakitelako besteek, tontakeria bat iruditzen zaien arren, antzerkian parte hartzera behartuta sentitzen direnak…

Maitasun erromantikoa ospatzeko eguna da otsailaren 14a. Pertsona ez-osoak garela sinestarazi diguten eguna, saskian bakarrik dagoen laranja erdia. Zoriontsu izateko monogamian oinarritutako familia behar dugula diozkun ideologiaren egun sakratua.

Inposatutako generoaren arabera, ezaugarri eta gaitasun batzuk edo beste batzuk garatzeko hezi gaituzte haurtzarotik. Goxoak, lotsatiak, zaintzaileak, eremu pribatukoak... izan beharko gara neskok. Harroak, iniziatibadunak, konfiantzadunak eta eremu publikokoak mutilok. Heterosexuala delako maitasuna, baina lasai, ez bada, rolak banatu eta kitto. Monogamia da marra gorria. Gaitasun batzuetarako hezten gaituzte, besteen beharrizanak sentitzeko, laranja erdi bat falta zaigula sinesgarri egiteko.  Eta bide batez, bi  erdi horien arteko botere harremanen lurzorua jartzeko. Baita harreman horretan bakoitzak beteko dituen rolena ere. Familia osatzea da maitasun horren adierazpen gorena, laranja osoaren heldutasuna.

Maitasun erromantikoaren bidez, sistema kapitalista heteropatriarkalak familien baitan esku-lan merkea erreproduzitzeko duen beharra, gure desio bilakatzea lortzen du. Bikotea (eta aurrerago seme-alabak) gure bizitzaren zentro bilakatzen d(it)u, eta maitasunaren izenean, gure beharrizan eta gainerako harremanen aurretik jarri: lagunak, enplegua, militantzia, osasuna, zaletasunak... Maitasunak dena merezi duela irakatsi digute, dena aurretik daraman su bat dela. Eta bai, maitasun erromantikoa gure bizitzako espazioak, harremanak, bestelako maitasunak, gure autoestimua eta burujabetza kiskaltzen dituen su bat da.

Bide batez, maitasuna ospatu egin behar dugula baliatuta, negozioa egiteko eguna ere bada. Maitasuna frogatzearen beharrizana sortu dute, kontsumismoa bultzatzeko. Gero eta opari handiagoa, garestiagoa eta bereziagoa egitea da maitatzea Honen balioa diru-truke egiten denaren logika kapitalistaren itzalpean, egunerokotasunean “dohainik”, maitasunez hain zuzen, egiten denari balioa kentzen zaio, ezkutuan uzten da.

Maitaleak, familia, lagunak, militantzia kideak, ikaskideak, koadrila....egunerokotasunean zaintzeari, hor egoteari, besteen beharrizanak identifikatzeari, norberaren momentuak ulertzeari... finean, maitatzeko dauden hamaika moduei, barre egiten die San Valentin egunaren bidez maitasun erromantikoak, sistemak.

Amorratu beharrean, ordea, guk ere barre egingo diogu oraingoan San Valentini. Maitasun bakarra eta betierekoa? Beste sexuko kideekin bakarrik? Egun berezi bat edukitzeko beharra? Familia osatzearen presioa gainean? Gure bizi eredua alboratu behar izatea? Bihotzak handik eta hemendik? Laranja erdiak?

Ez al da ba txiste txar bat, ala?

Egunero ospatzen dugu guk maitasuna. Egun bakoitzean desberdina, gora-beherekin, pertsona bezala hezten gaituzten esperientziekin. Nahi dugunarekin, nahi dugunekin, nahi dugun bezalakoa eta nahi dugunean. Pertsonak bezain aldakorrak diren maitasunak, sexuan oinarrituko ez direnak, zein leher eginda geratu arte txortan egitea dakartenak. Militantzia eta lan desberdinak oztopo bezala ikusi beharrean, maitatzeko eta iraultzeko espazio bezala ulertzen ditugu guk. Esklusibotasunean oinarritzen ez direnak eta direnak... guk jartzen dizkiegun arauak bakarrik dituzten harremanak. Besteen poltsikoak betetzea helburu ez duenak.

Ez gara ehuneko ehunean koherente izango batzuetan, engainua gainditzea kostatzen zaigu guri ere. Baina ez al da ba maitasuna borrokarako espazio bat? Behin mitoak deseraikita, ez al da ba maitasuna iraultzailea?

Beraz, egin diezaiogun tiro bere arkuarekin Kupidori, eta ospatu maitasunen iraultza.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.