Hurrengo alkate eta kirol zinegotzi izango zareten horiei

imagen

Lur-Alai Squash Kluba.- Oraindik zuen izena ez dakigun arren, Irundarron ongizatearen alde, fede onez ekingo duzuela sinisten dugu. Zentzu honetan, urte gehiegiz luzatu den Artalekuko zaharberritzea eta bertako erabiltzaileek (klub, abonatu eta eguneko erabiltzaileak) dauzkaten espazio eta bestelako arazoak sortzen dizkien gatazkari behin betiko erantzun bat emateko asmoa izango duzuela sinistu nahi dugu.

Pabiloi berri baten apustua egin dela jakin arren (alderdi politiko guztiek bat egiten dutena), ez dakigu nola gauzatuko den, eta Artalekuko erabiltzaile guztien arazoak behin betiko konpontzera etorriko den, orain arte ez baitira elkarteekin bildu haien beharrak ezagutu eta proiektua behar bezala planifikatzeko (C.D, Bidasoarekin agian). Gure ustez, pabiloi berriaz gain, Artaleku eraberritu eta hiriko ekialdeko auzoei begira, hirugarren kiroldegi bat behar dela uste dugu (diagnostikoak eskatzen duen bezala), berriz ere, erabiltzaile guztien beharrei entzun eta erantzungo diona.

Halaber, gogorarazi nahi dizuegu, Irungo Udalak kirolaren sustapena (modalitate guztietan) pertsonen ongizatea garatzera bideratu behar duela, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzu publiko gisa. Hala, gure ustez, kirol-instalazioen kudeaketa pribatuetatik alde egin behar da, kirol-aniztasuna arriskuan jartzen baitu, besteak beste. Kiroletako udal zerbitzuak publikoa izan behar du erabat, osasunean eta hezkuntzan defendatzen eta aldarrikatzen den bezala. Izan ere, osasuna eta hezkuntza batzen dituen baliabide utziezina da kirola, eta, besteak beste, udalak zuzendu eta kudeatu behar duela uste dugu.

Amaitzeko, datorren gobernuak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen jarraitzea gustatuko litzaiguke, baita nerabeentzako kirol-eskaintza zabalagoa ere. Eta nola ez, gure hizkuntzarekiko apustu sendoagoa. Euskara kirolaren lehen hizkuntza bihurtu behar da, ikastolan ez ezik, kalean praktikatzen eta ohitura soziolinguistiko berriak sustatzen laguntzeko. Proposamen horietan uste dugu klub guztiek konpromiso osoa hartu behar dugula eta gure kirol-jardueratik haratago joan behar dugula, herritarrei Kalitatezko zerbitzu hobea eskaintzeko bidelagun bihurtuz. Gizartean eragiteko eta hobetzeko gaitasuna da klubek jaso dezakegun saririk garrantzitsuena. Ezin dugu jarraitu kirolari edo talde batzuen lorpenak sustatzen, irabazitako tituluak nabarmenduz soilik. Guretzat, kirola eskuragarria da; gure ustez, protagonismotik eta lehiaketetatik urrundu behar dela, eta ikusgarritasun eta balio handiagoa eman kolektibo batek dituen proiektu amankomunei.

Zentzuak agintzen duen bide honetatik bazoazte, hurrengo alkate eta kirol zinegotzi jaun-andreak, gure babes osoa edukiko duzue.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.