Bor-bor. Hausnarketa kolektiborako plaza.- Bidasoan, eta bereziki Irunen, talde nazi-faxisten ekintzak areagotu egin dira azken hilabeteetan. Eraso gehienak, denak ez badira, “Devenir Europeo” izena duen taldearen tokiko zelulak gauzatu ditu, antza.
Informazio zehatza biltzea zaila bada ere, jakina da dozenatik gora eraso gauzatu dituela aipatu taldetxoak. Horien artean pintaketa naziak (Katean eta Santiagon gutxienez), pegatina itsaste masiboak (hainbat auzoetan), mina eragin asmo zuten kristaldun kartelen itsasteak (Moskun gutxienez), etab. Neguko oporraldian nazien oldarrak koxka bat gainditu du, eta lehergailu ttipiz eraso dituzte nola Lakaxita gaztetxea, hala ildo sozialistak Moskun okupaturiko espazioa ere 1-2. Norbanakoak ere mehatxatu dituzte, haien etxebizitzetan pintaketak eginez.
Baieztatzeke dagoen arren, litekeena da nazi berak izatea San Migel auzoko frutategi baten kontra egindako eraso arrazista baten arduradunak. Ez Irungo Udalak, ezta munizipal edo Ertzaintzak ere, gisa honetako biolentziaren berririk ez du eman; baina ez da baztertzekoa, taldeak duen oldartze maila ezagutua, pertsona arrazializatu, ezkertiar edota euskaldunen kontra ere biolentzia fisikoa erabili izana.
Esan dugunez, biziberritze nazia ez da Irunera, edo Txingudira, mugatzen. Urrutira joan gabe, faxistek Aginako memorialari eraso egin zioten Abenduan. El Salto berripaper estatalak nabarmendu duenez, neguko oporretan, faxisten ekimenek maiztasun berezia izan dute Euskal Herrian.
Zeintzuk dira nazi hauek? Devenir Europeori buruzko pare bat notatxo
Arestian aipaturiko Devenir Europeo (DE hemendik aurrera) ideologia nazia duen taldea da. Haren sortzaile den Ramon Bau ultra-ezagunak baieztatu du egitasmo “nazional-sozialista” helburu duen mugimendua dela. Azken urteetan indartzen ari den “mugimendua” dela dirudi, 2023an nazismoaren gorazarrea egiten zuten berrehun ekintzatik gora egin baitzituen taldeak Monarkia Espainiarraren lurretan. Hori horrela, eta harrigarria bada ere, Devenir Europeo Espaiñiako Monarkiaren legeak babesturiko taldea da, erregistro iraunkorra baitu 2008 urtetik hona.
Ez da bat-batean sortu, eta haren arbaso zuzenen artean dugu “Circulo Español de Amigos de Europa”, edo CEDADE, taldea (1966-1993), zeina Espainiak babesturiko SS nazietako buruzagiek, Frankoaren guardiako kideek eta “Division Azul”-eko kide-ohiek sortu baitzuten. Giza zaborra, laburrean. Beraz, DE nagusikeria etniko-arraziala modu biolentoan defendatzen duen familia zahar baten azken katebegia da.
Edonola ere, ameskeria faxista zaharrak gaurkotzen ari den taldea da DE. Alde batetik, DE sistemaren krisiei erantzuteko alternatiba ezkertiar-erradikalen hutsunea baliatzen ari da. Bestetik, munduan orokortua den eskuin-muturraren gorakada aldeko haize dute nazi zahar-berri hauek. Ingurumari horretan, DE-k diskurtsoa egokitu, nazioarteko aliantza naziak josi eta tokian toki zelula berriak sortzen ari da. Txingudin jazotzen ari dena aintzat hartuz, arduraz aitortu behar dugu aurrerapausoak eman dituztela, eta itxuraz, hainbat gazte limurtzea ere lortzen ari direla.
2024Ko abenduan, DE buruzagi den Isabel Peralta Suediara joan da. Han, izendapen terrorista duen “Erresistentzia Nordikoa” taldeak antolaturiko topaketan hartu du parte. Peraltak hitzartzean esandakoak aditzea, DE-ren izaera faxista ulertzeko biderik zuzenena dira:
"sólo siete hombres en Alemania sacudieron todo el orden mundial sionista hasta sus cimientos (...) las palabras que me definen son lealtad y fanatismo. Soy simplemente un soldado adherido a la causa más noble que existe: la supervivencia de mi propia raza y su lucha por la existencia (…) Muchos creen que el nacionalsocialismo está muerto, que en Berlín en 1945 nuestra causa quedó enterrada entre las ruinas. ¡Pero ese no fue el final, fue el comienzo de la creación más brillante que el mundo jamás verá!"
Munduak ezagutu duen sarraski handienetako bat eguneratu gura duen mugimendua da beraz, DE. Gainera, 1930eko nazien antzera, antolaketa diziplinatua, fanatismoa eta biolentziaren erabilera zuzena egiteko borondatea duen taldea da. Horrek egiten ditu arriskutsu.
Espainian endemiko den nagusikeriaren atal berri bat ote da DE? Ez pentsa, edo ez hori bakarrik. DE-k “Euskal Herria” sekzioa du, eta aktiboenen artean dago gainera: hogeita hamar ekintzatik gora egin ei dituzte gurean. Horien artean, dudarik gabe, Irunen egin eta haien telegram kanal pozoigarrian zabaltzen dituzten akzioak (https://t.me/s/acdevenireuropeo). Hori gutxi balitz bezala, bestelako eusko-nazi batzuekin sareak egiten hasiak dirudi; Donostian aktibo den “Arbasoen Mendekua” taldearekin esate baterako.
Zer egin baino... nola egin?
Zer egin? Kasu honetan galdera klasikoak erantzun sinplea behar luke: naziak borrokatzeko antolatu, ezta? Baina... nola egin hori? Hor hasten dira, beharbada, ezintasunak biderkatzen. Galderak pilatzen.
Nahikoa ulertzen al ditugu borrokatu ahal izateko? Zeintzuk dira? Zergatik lortu dute gure artean ideologia nazia duen zelula iraunkorra osatzen? Nolatan dira horren aktibo eta oldarkorrak? Zer eta zein dut jo-mugan zehazki? Nola egin aurre haien diskurtso pozoigarri eta praktika biolentoari?
Eta guri begira... zeinen artean antolatu beharko genuke? Ze adostasunen baitan? Zertarako? Devenir Europeo al da arazoa, ala erro sakonagoak dituzten kontra-esanen espresio bat gehiago dira? Zer egin haien aurrean? Nola egin?
Bor-bor egitasmotik ez dugu horretarako erantzunik; bai ordea, erantzuna bilatzeko metodoa: formazio kolektiboa eta antolaketa. Horregatik, datozen asteetan gaiari heldu eta Txingudin antifaxismoa elikatzeko formazio plazak irekitzeko konpromisoa hartu dugu.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.