Abotsanitz.- Urtean zehar bezala, oraindik ere zentzuz eta soseguz aritzeko tartea dugunez, aurten ohikoa baino lehenago Alardearen inguruko hausnarketa hondarribiarrekin partekatu nahi dugu. Azken bi urteetan udal-gobernuan izandako esperientziak, Alardeak bizi duen bilakaera eta honen inguruan sortarazi diren aldarrikapen eta bizipenetatik gehiago sakontzeko aukera eman digu.
Azken hamarkadetan, gure herrian, interes orokorraren gainetik interes pribatuak lehenetsi dira. Interes urbanistiko eta ekonomikoek nabarmen eraldatu dute hiriaren diseinua/izaera; nortasuna eman diguten ofizioak desagertuz joan dira eta biztanleriaren gehikuntza nabarmenak belaunaldien arteko haria eten du.
Kaleko harremanak hoztu eta bizilagunak ginen lekuan “arrotzak” bihurtu gara, handia zen zerbaiten parte izateari utzi izan bagenio bezala. Herria bizirik mantendu nahi badugu ezinbestekoa da auzo eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak zabaldu eta sendotzea. Bakarka azkarrago joan gaitezke, baina elkarrekin urrunago goaz.
Alardearen auzian, identitate galera horren aurrean ez dugu bidean asmatu. Emakumeen parte hartzea bideratu eta komunitatea indartu beharrean gure arteko zatiketarekin erantzun dugu urte luzeetan. Baina ezinegona ez da desagertu; zatiketaren estrategia ez da bidea.
Tradizioa kohesiotik bereiztezina da, kohesioa memoria kolektibotik banaezina den bezala. Alardea funtsezko zutabea da hiru kontzeptu hauek uztartzeko, babestu beharreko ondarea.
Baina kultura eta tradizioa babestea ez dago garaietara egokitzearekin kontrajarria. Berrikuntzak tradizio bihurtzen dira denboraren poderioz. Alardeak mende luzez iraun badu, egoera eta behar desberdinei erantzuten jakin izan diolako da eta ez, modu hertsian mantendu delako. Alarde ez da ideia bat, ez da pentsamolde bat; errito bat da, garaiko gizartea isladatzen duen erritoa. Zentzu honetan, emakumearen parte hartzeak alardea aberastu egiten du. Gizarte bezela aurrerapausu bat eman dugunaren seinalea izango da.
Pasa den urteko Gernikako arbolako gertakariak, herritar, soldadu eta tropen artean egonezina eta tristura sorrarazi zuen. Baina gune honek esperantzaren, liberazioaren eta elkarbizitzaren topalekua sinboliza dezake maitasunetik jarduten bagara. Ausartak eta eskuzabalak izateko momentua da. Hondarribia herri indartsu eta harroa da, guztiaren gainetik bizirik mantendu nahi duen herria. Eta indar horren gakoa, herriko ondare nagusia, pertsonak gara; emakumeak eta gizonak, konpainia bakoitza, kide eta soldadu bakoitza garrantzitsuak gara, inongo beldurrik gabe bidea egiteko.
Alardeak batzen gaitu. Alardea sendia da; adiskidetasuna, oroimena, auzoa, ondarea, tradizioa, ospakizuna, berdintasuna, kohesioa, Alardea herria da. Horretarako, antolaketari begira, Hondarribiko Udala eta Alardearen gainontzeko eragile guztiak, elkarrekin jardun behar dugula uste dugu. Denok beharrezkoak gara, Alardeari etorkizun oparoa bermatzeko.
Tradizioa bizirik mantendu eta herritar guztien eskubideak eta aukerak bermatuko dtuen alarde herrikoi baten alde lan egiten jarraitzen dugu.