![]()
Iker Eizagirre Zufiaurre, “Bor-Bor Hausnarketa Kolektiborako Plaza” kolektiboko kidea.- Irunen jaioa naiz, eta memoria dudanetik entzun dudan “egia” da honako hau: errepublikaren aldekoek, anarkistek zehazki, Iruni su eman zioten 1936ko Irailaren 4ean.
Irundar errepublikazaleek hilabete luzez eutsi zioten Nafarroatik zetorren ofentsibari, baina San Martzialeko bataila erabakigarria galduta, ihes egin behar izan zuten, Hendaiara. Erbestera jo baino lehen, milizianoek, mendekuz, edo frankistek hiria baliatu ez zezaten, denari su eman zioten, egundoko hondamendia sortuz. Labur: “anarkistek sarraskitu zuten “belle epoque”ko Irun” izan da, orain arte, Bidasoko hiriaren gainean ezarri duten egia ofiziala.
Irundarron kontzientzia kolektiboan finkaturiko ideia ez ezik, historialariek berretsitako bertsioa da hori. Eta jakintsuek horrela badiote, nola ez du hiritar xumeak sinetsiko?
Izquierdok, bere “Irun. Pequeña monografía de un pueblo del Bidasoa” (1970), horrela dio: “ante la imposibilidad de defender el pueblo, el 4 d eseptiembre de 1936, grupos de milicianos rojos lo incendian y huyen a Francia. La ciudad lentamente se consume...”.
Puchek, “Irun. Hogei mendeko historia” (2001) lanean, Irungo Udalak babestua bidenabar, horrela deskribatuko du gertakaria: “errepublikaren aldeko milizietako azken gizonek, hiria babeste ezinezkoa zela ikusirik, hiriari su eman zioten ihesari ekin zioten artean”. Puchek ez zekin, nonbait, makina bat emakume aritu zirela milizian, Kaxildaz gain, Irungo defentsan.
Lourdes Odriozolak eta Sagrario Arrizabalagak “Historia de Irun” kaleratu zuten 2014ean. Santano Alkatea txit agurgarria lagun zutela aurkeztu zuten lana, eta horrela, publikazioari hiriaren behin-betiko esku-liburu kera eman zioten. Ez alferrik, Sagrario Arrizabalaga Irungo artxibategiko arduraduna da, bada nor beraz. Bertan horrela idatzi zuten historialariek: “Aun sin desmerecer los importantes daños causados por las bombas de los cañones, aviones y barcos (acorazados 'España' y 'Cervera') de los atacantes, todo apunta a que fueron los afines a la causa republicana los que la provocaron, aplicando la política de 'tierra quemada' con carácter sistemático: el principal procedimiento empleado consistía en apilar enseres al pie de las cajas de escalera, rociarlos con gasolina y darles fuego".
Mertxe Tranche handiak ere, horrela baita, zorrotz eta ausarta, honako hau idatzi zuen bere “Historia de las mujeres de Irun (1931-1992)” (2011) lan zoragarrian: “en un incendio selectivo, que deja al margen los edificios públicos y las zonas popuales, los anarquistas arrasan el Paseo Colón y las calles Cipriano Larrañaga, Berrotaran, Fueros, Iglesia, Avendia Gipuzkoa, Calle Fuenatarrabia, Aduana... Durante días, Irun arde y una gran parte de sus habitantes observan consternada desde Hendaia la perdida de la vida que habían conocido”.
Beste erreferentzia baten bila, Luis de Uranzuren “Lo que el rio vio” (1975) klasikora jo dut, eta harriduraz ikusi dut ez duela sutearen gainean ezer aipatzen. Gerlez ari denean, bigarren karlistadetan gelditzen da. Luis de Uranzu 1968an hil zen, eta beraz, gerla garaia bertatik bertara bizi izan zutenekin harreman zuzena izan zuen. Beharbada horregatik, bertsio ofizialen azpian ziren egiak ezagutzen zituen, populuaren zurrumurrua, eta horiei jaramon egitearen ezintasunaren aurrean, ezer ez idaztea erabaki zuen. Auskalo, ez naiz historialaria, eta gutxiago historialarien historialaria.
Baina zergatik diot guzti hau?
Faxistek Irunen kontra: 33 bonbardaketa, 40 tona bonba, eta 800 bonba, gutxienez
Berriki, 89 urte bete dira frankistek Irungo erresistentzia apurtu eta hiriak sute hondagarria nozitu zuenetik. Irungo memoria elkarteei esker, Kepa Ordoki besteak beste, gertakarien gainean aritzeko jardunaldiak ospatu dira. Azken saioan, Xabier Irujo historialaria mintzatu zitzaigun. Ez da Irunen jaioa, erbestean, Caracasen baizik, eta egun Nevadako Unibertsitatean dagoen Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria da. Historialari aitortua beraz.
“Kanpotarra” denez, aho-bizarrik gabe esan zuen, makina bat dokumentu baitzuen alde: Irungo erreketa ez zuten errepublikazaleek burutu. Kontrara, hilabete eskasean, Irunek 33 bonbardaketa nozitu zituen, matxinatuek 40 tona bonba jaurti zituzten hiriaren kontra, eta 800 bonba gutxienez. Gainera, modu askotako hegazkinak erabili zituzten, tartean italiarrak. Orduan zuten teknologia eskasa medio, ezinezkoa zen bonbardaketa selektiborik (nahi zen helburua bakarrik jotzea, alegia), beraz, bonbardaketa indiskriminatua izan zen. Hiriaren kontra, populazio zibilaren aurka. Bonbardaketa horietako batzuetan, eskuindarrek su-bonbak (inzendiarioak) erabili zituzten lehen aldiz, gerora Gernikan jaurtiko zituzten horietakoak. Su-bonbek, jakina da, sute eta hondamendi itzelak sortzeko erabiltzen dira. Iruna itzuliz, eta faxisten herraren tamainaz jabe gintezen, honako datua eman zigun Irujok: irailaren 2an bakarrik, Irun ezinean zela, faxistek 7.000kg bonba jaurti zituzten gure hiriaren kontra, gutxienez, 9 hegazkin baliatuz. Dokumentatua duen hori bakarrik baieztatzen du Irujok, eta beraz, datu orok beti du aurretik “gutxienez” oharra.
Nola daki Irujok hori dena? Dokumentazio asko erakutsi zigun, baina bat erabakigarria: zerbitzu-sekretu ingelesak, MI6ak, abuztuan Italiarren komunikazioak zulatzea (pintxatzea) lortu zuen, eta horrela, eta nahiz eta ez zuten orduan aitortu, Londresek bonbardaketa guztien berri zuen, baita horien erregistroak ere. Horrez gain, Irujok, irailak 5 aurreko notiziak erakutsi zituen, errepublikaren aldekoek ihes egin baino lehenagokoak, horietako batean horrela zion Frantziar estatuko berri-paper batek: “Irun sute erraldoia da”. Nola!?
Ondoren Kepa Ordokiko Koldo Salinasek hitz egin zuen, eta tesi berberarekin makina bat froga gehitu zituen: bestelako argazkiak, Irunen borrokan izan ziren miliziano eta internazionalisten lekukotzak, horietako batzuen memoriak,... “Irun bonbardaketek sarraskitu eta erre zuten, eta ondorioak ezberdinak badira ere, Gernika, Durango, edota Eibarren kontrako bonbardaketa zerrenda berean ulertu behar dugu Irun” , baieztatu zuen. Nola!?
Denbora agortzen ari zela-edo, Udaleko Memoria arduradunak, PNVko Gorka Alvarezek, dinamizatzaile lanak egin zituen... “laster joan behar dugu eta... badu inork beste galderarik?”. Erraiak erretzen zizkidan esaldia nuen nik barruan: “izango ez dugu ba... esan berri dute Irun frankistek txikitu eta erre zutela, eta ez anarkistek, beti esan izan zaigun moduan... ez ote du inork ezer esango!?”. Egiari zor, ni ere isilik izan nintzen.
Errebelazio moduko bat izan zen, ezkerraren kontrako kondaira beltzaren gezurra biluztea. Esan zirenek, Irunen orain arte hegemoniko izan den memoria historikoaren kontakizuna goitik behera aldatzea eskatzen zuen. “Badu inork esateko beste ezer?”, errepikatu zuen zinegotziak, agian, nik bezala, entzuleei ere eztarrian korapilatu zitzaizkion esateko zituzten denak.
Eta beste hari-mutur batu tira eginez... nola da posible, kontrako froga horren argiak izanda, Irunen, ezkertiarren kontrako mito-beltz hori hegemonikoa izaten jarraitzea, eta are, erakundeek erreparazio lanik egin ez izana gaur arte?.
Bada garaia egiari zor aritzeko, Udaletxe
Pozik iritsi atera nintzen hitzalditik, izugarri poztu ninduen ikusteak, zailtasunak zailtasun, Irunen jende asko ari dela memoria justu baten alde auzolanean. Baina amorratua ere bai. Izan ere, memoria-elkarteetako pertsonen lan eskerga gabe, des-memoria frankistak ez luke pitzadurarik izango, gure egia izaten jarraituko luke: ezkertiarrek erre zuten Irun.
Gure hiriaren ulerkeran giltzarri den gertakariarekiko erakundeek duten utzikeria oso larria delakoan nago. Hasteko, bertsioa ofizial faxistek ezarritako gezurra delako. Egun arte errepikatu duguna.
Are larriagoa, Irun, modu heroikoan defendatu zuten pertsonei mespretxua egiten dielako: esker oneko eskultura, kale-izendegi, liburu-ekoizpen, edota aitortza keinuen ordez, haien gainean, “Irun erre izanaren susmoa” jaurti da. Era berean, egiazko sarraskigileen erruak zuritu dira, baita horien ondorengoenak ere, post-frankistenak alegia, eta gure hirian, tamalez, bada asko.
Larria ere bada tontotzat hartu gaituztelako, itxuraz: errepikatzen dugun kontakizuna, Diario de Alava edo de Navarra moduko prentsa frankistak asmaturiko gezurrak dira, hain sinplea da, garailearen gerla-propaganda errepikatu dugu gaur arte. Eta oraindik, gure seme-alabei iruzur hori kontatzen diegu, lotsagarri samarra da, ezta?
Bestetik, larria da, memoria historikoa ez baita iragana, gure kontzientzia kolektibo garaikidearen zati garrantzitsua baizik. Memoria oraina da, nondik etorkizuna proiektatzen baitugu. Horrela, anarkisten mito-beltza ezkerraren kontra erabili da (“ezkertiarrak eta anarkistak sarraskirako eta biolentziarako joera dute, ikusi 36ko Irun!”), eta eskuinaren, atzokoa eta gaurko post-frankista, ardurak zuritzeko erabili da. Joera horrek erreparazioaren kontra egiten du, eta horrek ondorioak ditu gaur, esate baterako: gaurko herriko-seme askoren arrakastak 1939ko konfiskazioetan dute jatorria, baita beste askoren miseriak ere.
Eta azkenik, oso larria da, alderdi sozialistak 1983.urtetik gobernatu duen hirian, gure Irunen, ez delako honen gainean inolako lanketa seriorik egin. Hein handi batean, Udalaren utzikeria horrek ahalbidetu du mito-beltz horren bizirautea.
Izan ere, nik dakidala behintzat, Udalak ez du egia-historikoa argitzeko ahalegin handirik egin, eta neutraltasun faltsu batean mugitu da beti, jakina da: “gerlak gaizki daude, biolentzia ere bai, eta berdin da zein de erasotzailea eta zein biktima, hura zorakeria izan zen, anaien arteko gerla”. Erantzule edo kausez hitz egin baino, orain arte, Udalak nahiago izan du “egun beltz” edo “katastrofe” moduko hitz hutsak erabili, eta irundarrismo zintzoaren, edo tokiko patriotismo zeken baten alde egin. Ikusi bestela, Irungo sarraskiaren 75.urteurrenean Udalak, Bilduren babesik gabe, hori bai, kaleratu zuen agiriaren muina:
“El impulso humano que siempre ha caracterizado a nuestros ciudadanos logró con el tiempo, a base de grandes esfuerzos, difuminar la terrible huella de aquellos negros días (...) a pesar de las dificultades y de la atroz herencia que había dejado la guerra en forma de dictadura, (irundarrek) consiguieron restaurar la convivencia en un nuevo régimen de libertad y democracia (...) viven aún entre nosotros muchos testigos directos de aquella catástrofe y de los difíciles años de la posguerra que la sucedieron, personas que saben mucho de la necesidad de entendimiento y que, cada una a su manera, han hecho posible que la ciudad sea hoy lo que es. Con todos ellos Irun tiene una deuda moral”. (foroporlamemoria.infof)
Sarraskia, gerla genozida bat, 40 urteko erregimen totalitario, anti-proletario, anti-euskaldun eta misogino bat, erreparaziorik eza, etab. Luze bat nozitu ditugu, baina tira, onar dezagun duguna eta ez dezagun iskanbilarik sortu, hiriaren mesedetan. Tamalez, onkeria inozo eta bidegabe horretan jarraitzen du Irungo Udalak.
Terriblea da, baina horrela delakoan naiz. Eta are, beldur naiz Irungo PSE-EEk ez ote duen kontu hau problematiko moduan ikusten, edo bere kontra joan daitekeen zerbait. Bestela, honezkero zerbait egina zuketen. Ez dut ulertzen zergatik, azken finean, Alderdi Sozialistak paper oso garrantzitsua izan zuen Errepublikaren aldeko defentsan. Hortxe dute Florencio Iratxetaren figura, frankistek eraildako sozialista peto-petoa. Baina bai, egia da, “gauzak asko aldatu dira, kamarada”.
Edonola ere, irundar guztion onerako, gure hiriaren ondarearen mesedetan, bada garaia “Irungo sozialistek” eduki ditzaketen konplexuak inarrosi ditzaten: faxismoari aurre egin zioten irundar guztiei errespetuz, haien ondorengoen aitortzaz eta hiri honek gauzatu zuen defentsa heroikoa berreskuratzeko garaia da. Gure hiriari ez ezik, Euskal Herriko memoria historikoaren eraikuntza bidezko batek ekarpena egingo lioke horrek.
Irungo erreketaren gaineko froga garbiak ditugun honetan, Udalak ezin du utzikeriaz jardun.
Baliteke, orduan, Zabaltza Plazan Irunen Defentsan eroritako milizia-kide eta gudariei ganorazko eskultura bat eskaintzen zaienean, beren familien presentzian, eta beren borreroak izandakoen kontra, orduan hasiko gara hiri honetako asko irundar izateaz harro sentitzen.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
