
Abotsanitz.- Abotsanitzetik oso positibotzat jotzen dugu Hondarribiko Udalak Zaldunborda proiektuari lotuta auditoretza fiskal eta merkantil independente bat enkargatzeko hartu duen erabakia. Neurri ezinbestekoa, arduratsua eta gure konpromiso politikoarekin bat datorrena: interes orokorra azken ondorioetarainodefendatzea, diru publikoaren kontura negozioa egin nahi duen edozein saiakeraren aurrean.
HIGERTOKI eta ZALDUNBORDABERRI enpresek aurkeztutako salaketa judizialak ondorio ekonomiko oso larriak izan ditzake Hondarribiarentzat. Ia 14 milioi euroko kalte-ordaina eskatzen dute, udalaren urteko aurrekontuaren %40a, alegia, 800 euro baino gehiago hondarribitar bakoitzeko. Halako egoera baten aurrean, ez dago lasterbiderik, ez konfiantzarik, ezta isiltasun konplizerik ere.
Abotsanitzetik argi daukagu, eskatutako euro bakoitza behar bezala justifikatua, dokumentatua eta erabat trazagarria izan behar dela.
Auditoretza hau ez da keinu sinboliko bat: tresna politiko eta teknikoa da, denbora luzez ilun egon den tokian argia jartzeko. Fakturazioa kontrastatzea, koherentzia kontable eta bankarioa aztertzea, eta interesgatazkak edo lotutako eragiketak identifikatzea ez da zilegi soilik, derrigorrezkoa baizik, berritan guztien baliabideak jokoan daudenean.
Abotsanitzetik argi jokatu nahi dugu: Hondarribiak ezin du eta ez du bere gain hartuko behar bezala eglaztatuta ez dauden erreklamazio ekonomikorik. Interes publikoa defendatzeak dakar zalantzan jartzea, fiskalizatzea eta azalpenak eskatzea, nahiz eta horrek kontrol zorrotzik gabe jardutera ohituta dauden interes pribatu jakin batzuk deseroso sentiarazi.
Oposiziotik gatazka hau izapide administratibo huts gisa aurkezten saiatu direnen aurrean, berriro azpimarratzen dugu auzi politiko bat dela hauxe: iraganeko akatzen kostua nork ordaintzen duen eta noren mesederako izan diren. Abotsanitz parte den udal-gobernuak herritarren alde egitea erabaki du, ez huts egindako hirigintza-operazioen edo puztutako erreklamazioen alde.
Abian den prozedura judiziala zorrotz errespetatuz, Abotsanitzetik berriro berresten dugu gardentasunarekiko, erantzukizun instituzionalarekiko eta diru publikoaren defentsa irmoarekiko dugun konpromisoa. Auditoretza-txostena publiko egitean, argitasunez, anbiguotasunik gabe eta Hondarribiaren onura orokorra helburu bakartzat hartuta jardungo dugu.
