
AEK.- 24. Korrikak utzitako sentsazio indartsuei helduta, AEK Bidasoko Mintzodromoa antolatu du datorren maiatzaren 21erako, Irungo San Juan plazan.
Ekimen hau Korrikaren "12. Eguna" dinamikaren baitan dago; izan ere, helburua da lasterketak irauten duen 11 egunetatik harago joatea. Korrika bera amaitu bada ere, dinamika honek euskararen pizkunderako txinparta izan nahi du, herritar zein eragileek korrikan hartutako konpromisoak aurrera eramaten jarrai ditzaten, norberarengandik hasita.
Helburuak eta Parte-hartzaileak Mintzodromoaren xede nagusia euskara kalera ateratzea eta bere erabilera indartzea da, euskarazko esperientziak eta guneak elkarbanatuz. Ekimenean euskaldunak elkartuko dira, lagun giroan tarte atsegina pasatzeko aukera sortuz. Horrez gain, hitzordu berezia izango da, euskararen erabileraren eta egoeraren gainean modu kolektiboan hausnartzeko parada eskainiko baitu, bizitzaren eremu guztiei begira: norbanakotik hasi eta herri, eskualde zein erakundeetaraino.
Herritar orok parte har dezake ekimenean: euskaltegietako Zein institutuetako ikasleek, mintzalagunek, elkarteetako kideek edo interesa duen edonork. Hala ere, euskararen gainean euskaraz mintzatzea denez helburu nagusia, B1 mailan hasitakoentzat eta maila altuagokoentzat bereziki gomendatuta dago. Hasi aurretik, gainera, parte-hartzaileek inkesta labur bat betetzeko aukera izango dute QR kode baten bidez, prozesuari hasiera emateko.
Hitzordua eta Izen-ematea Bidasoko Mintzodromoa maiatzaren 21ean egingo dugu, Irungo San Juan plazan, herritarren ordutegietara eta zereginetara egokitzeko, bi txandatan banatuta:
- Goizeko saioa: 10:00etatik 11:30era.
- Arratsaldeko saioa: 18:00etatik 19:30era. Arratsaldeko saio honek berezitasun garrantzitsu bat izango du: HIKADROMOA, hitanoa modu praktikoan sustatzeko gune berezia.
