Honen aurrean ELAtik mobilizazioak bultzatuko ditugu.
ELA Sindikatua.- Txingudiko Zerbitzuakeko hitzarmenaren negoziaketarako mahaia osatu eta martxoaren 24ko mahaian ELAk bere aldarrikapenen plataforma aurkeztu zuen. Bertan azken urteetan izandako eros ahalmenaren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, jardunaldi murrizketa, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen, telelana, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea bezalako aldarrikapenak jasotzen dira besteak beste.
Hurrengo mahaia maiatzaren 16ra arte atzeratu zuen enpresak, LABek bere aldarrikapenak oraindik ez zituela aurkeztu eta tartean aste santua zegoela argudiatuz. ELAren iritziz 8 asteko epe hau jada oso luzea zen baina ontzat eman zen pentsatuz enpresak seriotasunez ekingo ziola negoziaketari eta epe hori aldarrikapenak sakon lantzeko erabiliko zuela.
Baina hori ez da horrela izan eta mahai hartatik 6 aste baino gehiago pasa direnean enpresak maiatzaren 16rako deituta zegoen mahaia bertan behera utzi du unilateralki posta elektroniko baten bitartez eta hurrengo datarik proposatu gabe. Horretarako erabili duen argudio bakarra da ekaineko Administrazio Kontseilura itxoingo dutela hori eta gero negoziatzen hasteko.
ELAtik onartezina eta langileekiko izugarrizko errespetu falta iruditzen zaigu enpresaren jarrera. Alde batetik, duela 6 astetik hona ez delako ezer aldatu orain erabaki hau hartzeko, bestetik, uste dugulako 8 asteko epea nahikoa zela Administrazio Kontseiluarekin egin beharreko bilera edota kontrasteak egiteko eta azkenik negoziazio mahaia unilateralki bertan behera uzteagatik beste datarik proposatu gabe. Garbi dago zein den guzti honen helburua: hitzarmenaren negoziaketa denboran luzatu eta oztopatzea.
Honen aurrean, ELAk langileekiko errespetuz eta arduraz jokatu eta negoziaketa zintzo bat orain aurrera eramateko exigitzen dio enpresari eta horretarako beharrezkoak diren mobilizazioak bultzatuko ditu.