Artiako Lagunak.- Bost ezki gehiago moztu ditu udalak. Ez da ezki bakar bat ere ordezkatu. Joan den astean, Irungo Udalak bost ezki gehiago moztu zituen Darío Regoyos kalean, Artia auzoan.
Azaroaz geroztik, hamar dira kendutako zuhaitzak. Ez da horietako bat ere ordezkatu. Gardentasun falta, osoko bilkuretan onartutako akordioen ez-betetzea eta kontserbaziorako neurri alternatiborik ez izatea ilara osoa ahultzeko eta progresiboki ezabatzeko estrategia baten adierazle garbiak dira.
Moztutako zuhaitzak ehun ezkiz osatutako ilara historiko baten parte ziren —gaur egun 88 gelditzen dira— eta Artia auzoaren nortasuna dira eta funtzio ekologiko ordezkaezina betetzen dute. Zuhaitz hauek, tamaina handikoak izanik, Gl-636 errepideko trafiko ugariak sortzen duen kutsadura akustiko eta atmosferikoa arintzen dute, hiriko beroari aurre egiten diote, eta oinezkoak eta bizilagunak babesten dituzte. Zementuztu auzo gris batean aterpe klimatiko naturala eta bizigarria sortzen dute.
Mozketak 24 ordu baino gutxiagoko aurrerapenarekin jakinarazi zitzaizkigun, data, eranskin eta teknikariaren sinadurarik gabeko txosten baten bidez. Orain badakigu txosten hori duela lau hilabete egin zela eta nahita ezkutatu zela, nahiz eta duela bost urte 53 kolektibok eta 4100 pertsonen sinadurek ezki horiek babestu zituzten eta 2020an haiek kontserbatzea agintzen zuen mozioa aho batez onartu zen Udalbatzan.
Udalak ez du kontserbaziorako alternatibarik aztertu: ez adarren murrizketa, ez sustraien euskarriak, ez lurzoruaren hobekuntza. Horren ordez, birlandaketarik gabeko mozketa da hautatutako bidea.
Honek zuhaitz-lerroaren egonkortasuna kaltetzen du eta haize bortitzek edo bestelako ezustekoek eragindako kalteak areagotzen ditu. Auzokideak gero eta babes gutxiagorekin gelditzen dira kutsadura, zarata eta beroaren aurrean.
Artiako Lagunak auzo-elkarteak salatzen dugu erabaki hauek ez direla neutralak edo tekniko hutsak, baizik eta politikoak, eta auzoaren zuhaiztiaren suntsiketa progresiboan oinarritzen direla, ikuspegi ekologikorik gabe eta zuhaitzak babesteko benetako borondaterik gabe.
Gl-636 errepideko trafiko handiak —gehienetan ibilgailu astunek sortua— eta baren kutsadurak dira benetazko arrisku hilgarria eta ez zuhaitza. Udalak gu babesteko ardura du: babestu behar duena suntsitu beharrean.
ESKATZEN DUGU
- Eskatutako informazio osoa, eranskinak barne.
- Kendutako ezki guztiak premiaz ordezkatzea.
- 2020ko Darío Regoyos kaleko ezkien inguruko mozioa betetzea, eta baita Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura 30 km/h-ra murrizteko mozioaren betetzea ere.
- Gardentasunarekin eta herritarren parte-hartzearekiko konpromiso irmoa.
Ezkiek erortzen jarraitzen duten bitartean, Artiak eta Irunek itzala, arnasa eta osasuna galtzen dituzte.