Kontzentrazioa: "Estradiziorik EZ. Iratxe Sorzabal etxera"

Non: 
San Juan plaza
Data: 
Asteartea, Iraila 25, 2018 - 19:30

IRATXE SORZABAL Irungo preso politikoa beste ataka zail baten aurrean egongo da datorren Irailaren 26an: Pariseko epaileak, bere aurka Madrilek egindako euroagindu-eskaerak ebatziko ditu. Beraz arrisku bizian dago Iratxe, torturatu zuen estatuaren esku berriro geratzeko.

Hori gertatzea nahi ez dugunok kalean egongo gara gure jarrera argi geratu dadin. Hitzordua bezperan -25ean asteartea 19:30etan- San Juan plazan.

IRATXE ETA EUSKAL PRESO POLITIKOAK KALERA !
Espainiako Estatuak euskal independentismoaren aurka modu sistematikoan erabili du tortura. Estatuko botereek salaketa hori inoiz onartu ez badute ere, salaketak indar berezia hartu du, Kriminologiaren Euskal Institutuaren eta EHUren txostena dela-eta.

Emaitza argigarriak ekarri ditu txostenak. Azken batean, argitzera dator oraindik ilunetan mantendu nahi den espazio bat, Estatua eta berau zuzendu duten hainbat gobernu kriminalizatzen dituelako. Txostenak, halaber, beste datu objektibo bat uzten digu: herri honetan gatazka politiko bat dago, eta alde guztiek parte hartu dute hainbat indarkeria forma erabiliz.

Halere, gertaera konkretu bat salatu nahi dugu hemen: Iratxe Sorzabalena. Guardia Zibilak atxilotu zuen Iratxe Sorzabal 2001eko martxoaren 31n eta modu basatian torturatu zuten. Oraindik, Madrilgo ospitale batean atera zizkioten argazki lazgarriak gordetzen ditugu gure begietan. Denbora gutxiren buruan aske utzi zuten, kargurik gabe.

2015ean, ETAren aurkako polizia-operazio batean, berriro atxilotu zuten eta Madrilek hiru euroagindu eskaera tramitatu zituen Iratxe estraditatu ahal izateko zigorra Frantzian bete ondoren.

Estradizio eskaerek garrantzi handiko hutsune nabarmen bat zuten, ez baitzuten adierazten Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturak jasan eta salatu zituela. 2017ko abenduaren 7an, epaile frantziarrek bista bat egin zuten Parisen Iratxeren aurkako euroaginduak onartu ala ez ebazteko. Iratxeren defentsarako argudio garrantzitsua izan zen “Istanbulgo Protokoloa” oinarri hartuta adituek egindako txostena. Baina pairatutako torturei buruz aurkeztutako frogek eragin zuten gehienbat epaileen sentikortasuna eta horiek bultzatuta Martxoaren 28rako kasuari buruzko informazio osagarria helaraztea eskatu zuten. Froga horiek sinesgarriak eta erantzunezinak izan ziren.

Irailaren 26an izango du hurrengo bista Iratxek, eta hor, euro-aginduak onartu ala ez erabaki beharko dute Parisko epaileek. Iratxek Abenduaren 7an eginiko bistan, argi adierazi zuen bere jarrera –aldi berean geurea ere badena– epaitu zuen epaimahaiaren aurrean: “Garaia da torturaren aurrean erreakzionatu dezan justizia frantsesak. Adorea behar da, baina zuena da erabakia”.

Torturaren praktikak denborarekin irauteko, hainbat konplizitate eta laguntza behar izan ditu. Bestela ezinezkoak ziratekeen txostenak jasotako milaka kasu horiek. Torturak sare bat behar du, polizia indarrek, mediku forentseek, epaileek, hedabideek eta alderdi politikoek ehuntzen dutena. Denek dute izendatzaile komun bat: egiten utzi.

Frantziako, Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu neurri legalak artikula ditzatela tortura kasuak berriro ere gerta ez daitezen. Eta pairatu duten guztiei erreparazio eskubidea aplika dakiela zentzu guztietan: judizialki, politikoki, psikologikoki eta gizalegez.

Iratxerentzat eta tortura salatu duten auzipetu eta zigortu guztientzat eskatzen dugu haien epaiak edo martxan diren eginbide judizialak baliogabetu daitezela. Torturak kutsatutako eginbide judizial guztiak berrikusi eta baliorik gabe gelditu behar dira.

Gure bihotzak Iratxe eta bere familiarekin daude. Ebazpenaren garrantziaz jabetzen gara eta haien ondoan egon nahi dugu. Gure maitasuna eta babesa helarazi nahi diogu. Sentitu dezala borrokarako eta torturaren aurkako gure konpromisoa.

Tortura eta tratu ankerrak gerra-krimentzat jotzen dira. Euskal Herrian ere horrela hartu daiteke, Espainiako Estatuak independentismoaren aurka erabili duelako tortura gerrako arma gisa. Tortura ukatu nahi dute gatazka politikoaren existentzia ezkutatzeko eta ezker abertzaleak errelato propioa duela saihesteko. Egun, gatazkaren existentzia eta bera azaltzeko errelatoen aitortza daude jokoan. Egin digutena kontatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

KALERA KALERA dinamika

Etiquetak: