EAJ-PNV, interes orokorraren aurka. Etxebizitza publikoen kontra eta Mendelu biziberritzearen kontra

Abotsanitzeko zinegotziak

Abotsanitz.- Pasa den maiatzaren 29an, zur eta lur geratu ginen beste behin, EAJ-PNVk daraman jarrera ulergaitzarekin, inpotentziaren ondorio. Hilabeteak dira EAJ-PNVren estrategia zentzugabea pairatzen ari dela Hondarribia, norabide finkorik gabea, desesperazioak mugituta, Udal Gobernuari higadura eta hauen irudia zikintzeko, edozein ataka baliatzen dutena.

Aipaturiko udalbatza bartan, bi gai azpimarratu genitzake: Bidasoako ospitaleko osasun zerbitzuen defentsa eta Etxebizitza Publikoen sustapena. Lehengoan, Herritar zein eragile sozialek aurkezturiko mozioetan, EAJ-PNVk ez zuen eskualdean ematen ari den osasun zerbitzu publikoen defentsa babestu, are larriagoa Bidasoak azken hilabeteetan pairatzen ari den zerbitzu publiko horien diskriminazio eta murrizketekin.

Bigarrenarekin, hots, Etxebizitza Publikoen sustapena etorriko den proiektu berrietan (Montañenea eta Madalenako Kuboan), EAJ-PNV inork espero ez zuen jarrera bartu zuen eta Etxebizitza Publikoen aurrean, kontrako bozka eman zuen... Zinez deritzogu, ezin dugula sinistu egiten ari direna. Azken hamarkadetan, ehundaka gazte eta ez hain gaztek herritik joan behar izan dute, jeltzaleek sustatu duten etxebizitza politiken ondorio, pribatua eta bigarren etxebizitzak lehenetsiz, etxebizitza publikoa ahanzturara kondenatuaz. Eta benetan diogu, ezin dugula ulertu, Hondarribia bizitzen ari den etxebizitza larrialdiaren aurrean, kontrako bozka ematea etxebizitza publiko gehiago egiteari. Ez dugu historian kasurik ezagutzen, Etxebizitza Publikoak eraikitzearen kontra jo duen alderdirik. Ez dira kontziente zer egiten ari diren.

Baina ez da adibide bakarra. Pasa den martxoko udalbatzan ere, urteetan Mendeluko bizilagunak ahanzturan utzi dituztenak, Hondarribiko EAJ-PNVk auzoa biziberritzeko zerbitzuaren kontra bozkatu zuen. Hain da kafkianoa egoera, zeinetan EAJ-PNV dagoen goi instituzioetan, Eusko Jaurlaritza kasurako, haiekin adosturiko zerbitzu bat da planteatzen ari dena Mendelun, eta Hondarribiko EAJ-PNV, bere alderdiaren aurka agertu da.

Herriarentzat onena den emaitza bilatu ordez, tematuak daude udal gobernua zikinduaz eta interes orokorraren aurka joaz, bitarte honetan, beraiek esaten duten lan-egiteko prestutasun hori, praktikan ikuzi ez denean.

Tamalez, hauek izan dira azken hilabeteetan, EAJ-PNVren oposizioa egiteko moduak definitzen dituzten adibiderik garbienak. Etxebizitza publikoen kontra eta Mendeluko bizilagunen aurka.

Amaitzeko, EAJ-PNVri eskatu nahiko genioke, zintzotasun osoz, has dadila behingoz lanean.

Oposizio eraikitzailea egin nahi badu, lanean hasteko garaia dute agintaldi erdia pasa den honetan.

Non dago 2024ko urtarrilean anuntziaturiko 400 aparkaleku eskuratzeko proposamenaren nondiknorakoak? Non dago merkataritzari bultzada emango zion eta inoiz publiko egin ez duten proposamen hura? Momentuz, proposamenik, ekarpenik, edota iradokizunik ez baitituzte erregistratu udalean.... Eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia iritsi zaie, benetako oposizio eraikitzailea egin nahi baldin badute.

Etiquetas: