EHPM.- Lau hilabete igaro dira EHPMk 60 urtetik gorako pentsiodunen Gizarte Segurantzaren pentsio eskasak, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100eraino osatzeko Herri Ekimen Legegilearen bigarren faseari ekin genionetik. Eta gaur iragarri dezakegu erabateko arrakastaz gainditu dugula bigarren fase hau, eta emaitza ikusgarria lortu dugula.
Euskal Herri osotik etorritako milaka pentsiodunen babesarekin, EAEKO HAUTESKUNDE BATZORDEARI transferitu diogu 145.142 pertsonari dagozkien datu pertsonalen zaintza. Pertsona horiek babestu dute HERRI EKIMEN LEGEGILEA, EAEn 100.000 pentsioduni mesede egin diezaiekeena. Horietatik 65.000 baino gehiago emakumeak dira.
Fede-emaile publiko eta bereziek 145.142 sinadura kautotu dituzte, edozein hauteskunde-prozesutan ematen diren botoen berme berberekin.
Sinadura horiek azko hauteskunde autonomikoetan emandako boto guztien % 13,5 dira. Aldi berean, kanpaina honetan gastatutako 25.000 euroen berri ere eman dugu. Pentsiodunek finantzatu dute ia guztia.
Emaitza hori EHPMk osatzen duten pentsiodunen lanari eta konpromisoari esker soilik lor daiteke. Ehunka hitzaldi eman ditugu, ehun mila informazio-liburuxka baino gehiago eta ekimenaren milaka ale banatu ditugu. Laguntza-ekitaldiak antolatu ditugu, besteak beste, Kafe Antzokian egin zena, euskal gizarteko mota guztietako jardueretan ari diren 289 pertsona erreferenteren babesa irudikatzeko. Bilborock Aretoan, ehun erakunde feminista baino gehiagoren babesa izan zuen ekimen honek. Eta apirilaren Goan soldata eta gutxieneko pentsio duinen alde egindako manifestazio masiboak ere horren seinale dira. Ahalegin handia egin da ekimena ezagutarazteko eta sinadurak biltzeko kanpaina eredugarriak, herriz herri, kaleetan, plazetan edota zentro publikoetan, harrotasunez bete gaitu.
Arrakasta hori Euskal Herriko erakunde sindikal guztiekin partekatu nahi dugu, ehunka erakunde sozial eta feministekin, enpresa-batzordeekin, auzo-elkarteekin, udalekin, ikasleekin eta laguntza aktiboa eman diguten milaka pertsonekin.
Eskerrik asko horiei guztiei, pentsiodun prekarioenen bizitza hobetzea, gizonen eta emakumeen arteko pentsioen arteko desberdintasuna nabarmen murriztea eta pentsiodunen arteko bikoteetan, izatez edo zuzenbidez, alde bat bestearen mende ez egotea helburu duen ekimen baten alde egiteagatik.
Estatuak dituen erkidegoetako aberatsenetako bat da EAE, bizitza ere garestiagoa da, oso altua da. Gure proposamena onartzeko modukoa da, aurtengo aurrekontuaren %1,4 baino gutxiago izango da, eta kostua txikiagotzen joango da urterik urtera. Gainera, diru osagarria premia larriko kontsumo-ondasunetara bideratuko denez, gizartera itzuliko da diru-sarrera fiskalen, balio erantsiaren eta enplegua mantendu eta sortzearen bidez.
Beharrezko sinadurak baliozkotu ondoren, Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin behar du, eta, horregatik, Lendakari Pradalesekin bildu nahi dugu. Hilabeteak daramatzagu elkarrizketa eske.
Autonomia Estatutuak pentsioak osatzeko eskumen osoa aitortzen badu, Zerbitzu Juridikoek eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak urriaren 30ean ziurtatu zuten bezala, ez genuke ulertuko Eusko Jaurlaritzak ezezko txostena egitea eskumen hori egikaritzea eragozteko eta PENTSIOAK OSATZEKO EUSKAL SISTEMA bat sortzeko.
Legebiltzarreko talde guztiei ere zuzenduko gara, argi eta garbi eta zalantzarik gabe adieraz dezaten ekimen hau lege-proiektu gisa izapidetu ahal izatearen alde edo aurka bozkatuko duten.
Herri-ekimen honen hedapenak eta harrerak ez du aurrekaririk. Oso itxaropen handia sortu du euskal gizartearen sektore zabaletan, miseriazko pentsioak handitzeko beharrari erantzuten diolako. EHPMKk konpromisoa hartzen du borrokan eta informatzen jarraitzeko, proposamen hau izapidetzeko onar dadin. Hau da, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan aitortutako oinarrizko eskubidea den ekimena positiboki aitortzea eta izapidetzeko onartzea.