ITAIA Emakumeon Antolakunde Sozialista.- Berriro ere, ITAIA Emakumeon Antolakunde Sozialistatikan idazten dizuegu, Bidasoan egingo dugun beste ekitaldi baten berri emateko: Igande honetan, Azaroak 22an, 17:00etan, Irungo Palmera Montero Gunean, hitzaldi bat burutuko dugu, non Indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzaren beharraz jardungo garen.

LAB Sindikatua.- LIDLek 9 denda eta 220 langile inguru ditu Gipuzkoan; zehazki Eibar, Arrasate, Hernani (Hernani eta Galarreta), Irun, Donostia (Gros eta Bretxa) eta Azkoitian. Martxotik jo eta su ari dira lanean langileak. Hasieran enpresak neurri batzuk hartu bazituen ere, hilabeteak aurrera joan ahala, ustezko normaltasunaren aitzakian enpresa erlaxatzen joan da eta, eta gaur egun, langileak bakarrik aurkitzen dira denda aurrera ateratzeko garaian.

Gaur, azaroak 18, hamaseigarren eguna egingo du gose greban Iñaki Bilbao Txikito preso politikoak. Azaroaren 2an ekin zion borrokaldiari, nabarmenduz, "berarekiko elkartasuna" baino, "Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko eman behar diren urratsak" direla funtsezkoenak. Hasiera batean gose eta egarri greba abiatu bazuen ere, AAEAMek aurreko astean jakinarazi zuen egarri greba bertan behera utzi eta gose eta komunikazio grebari heldu ziola. Eta horren aurretik, 50 egunetik gora egin zituen gose eta komunikazio greban.